Iluntasunaren
kontrako borroka
Marvelen unibertsoa, edo ‘The Avengers’-en frankiziak,
zinema aretoko pantailak akzioz, abenturaz, entretenimenduz eta komediaz
betetzen jarraitzen du. Denontzat ezagunak diren superheroi talde bat: Hulk,
Captain America, Iron Man… Batzuk besteak baino erakargarri eta
interesgarriagoak, baina batera blockbuster familia handi bat osatzen dutenak.
Baliteke kontatzen dituzten abenturetarako superheroi gehiegi izatea; euren
abenturek, ia beti, patroi eskema bera jarraitzen dutelako. Hori bai, pelikula
hauek lortzen dituzten irabaziak ikusita, hurrengo urteetara begira superheroi
pelikula mordo bat izango ditugu ikusgai. Gainera, kasu honetan, ‘The avengers’
pelikularen bigarren atalaren estreinuari begira (2015eko maiatzean), pertsonaiekiko
interesa mantentzeko modu on bat da.
Superheroi bakoitzak bere berezitasunak ditu, izaeran
zein estetikan; eta hori, pelikulen artean egindako keinu zein erreferentziekin
batera, arrakasta izatearen gakoetako bat izan daiteke. Orain, Thoren (Chris Hemsworth) txanda da
berriz ere; tximistaren jainkoa ipar mitologian. Ez da gustukoen dudan
superheroia, baina ez dago gaizki.