(!) Oscar sariak 2013: Izendapen bat lortu du 'Brave' pelikulak: Animazio pelikula onena.
Hona hemen Meridaren istorioa, printzesa erreboltari eta abenturazalea. Meridak patuari aurre egitea eta hori aldatzea erabakitzen du. Hartutako erabakiak ondorio magikoak izango ditu. Pixarren beste zenbait pelikulek gehiago hunkitu ninduten arren, Brave ikusten primeran pasatu dut, pantaila handiaren aurrean proiektatutakoarekin liluratutako ume bat bezala sentitu naiz. ‘Brave’, gaur arte, animazioaren erregeek egin duten narrazio klasikoenetakoa da forman.
Istorioa Erdi Aroko Eskozian kokatuta dago eta printzesa moderno bat erakusten du, gaur egungo baloreetara moldatutakoa, balore eta printzipio aurrerakoiak baititu. Fergus erregearen eta Elinor erreginaren alaba borrokatzailea eta bihurria da, ez ditu amaren pausuak jarraitu nahi, ama protokoloari lotuta bizi baita (horregatik amak pelikularen hasieran ilea bilduta darama). Meridak libre izan nahi du, bere patua erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du eta horretarako, tradizioa alde batera uztea ezinbestekoa da.
Berekoikeriak bultzatuta, Meridak sorgin bati laguntza
eskatuko dio amari gauzak argi uzteko.

