Mostrando entradas con la etiqueta Morgan Freeman. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Morgan Freeman. Mostrar todas las entradas

25/9/13

'Unforgiven' (1992)


William Munny, antiheroia?


Westerna, generoaren urrezko garaia nahiko urrun zegoela zirudien Clint Eastwoodek ‘Unforgiven’ pelikula egitea erabaki zuen arte. Eastwoodek generoa nolabait berpiztu zuen, eta ez hori bakarrik, baita generoaren barruan aurki daitezkeen zenbait kontzeptuen inguruan interpretazio berriak aurkeztu zituen. Ikaslea maisu bihurtu da. ‘Unforgiven’ zuzendariaren lan onenetako bat izateaz gain, generoaren lan aipagarrienetako bat da. Esan bezala, ikaragarria, ausarta, ezkorra eta ukitu errealista duen western bat izateaz aparte, zuzendariak zenbait elementuen interpretazioarekin asmatu zuen. Orain heroismoa ez da erakargarria edota miresgarria; hotza da, erruduntasunez beteta, krudela. Beraz, pertsonaiak heroiak baino, kriminalak izango dira.

21/7/12

'The Dark Knight Rises' (2012) - Heroiaren birjaiotza

Bidaia amaiera heldu da. Christopher Nolanek 'The Dark Knight Rises' pelikularekin zinemaren historiaren akzio-trilogia hoberenetako bati amaiera eman dio.


Gotham Hiriko gaizkile guztiak kartzelan daude Dent Legeari esker. Dent Legearen oinarrian gezurra dago, Batman gaizkile bihurtu zuen gezurra. Gothamen bakea eta ordena da nagusi. Lasaitasun hori ikusita, Bane mertzenarioa Gothameko hiria suntsitzen saiatuko da. Gotham, berriz ere, sutan egongo da.

Dent Legea dela eta, Bruce Wayne bere burua bitzitza sozialetik isolatu du. Hala ere, azken gertaerak direla eta, Banek sortutako kaosa ikusita, Batmanen jantzia berriro jartzera behartuta egongo da. Gothamek, berriz ere, heroi baten beharra du.

Heroi eta gaizkilearen arteko borroka ez da alde fisikora mugatuko. Banek Batmanen arimara zuzenduko ditu bere erasoak. Denbora igaro da eta Waynek ibilbidean ikasitakoa praktikan jarriko du: beldurrak gaindituko ditu eta erruki sentimendua gorrotoan bilakatu du. Waynek ez du beldurrik, galtzeko ezer ez duelako. Sinboloa, legenda birjaio eta Gothamera bueltatuko da, modu benetan epikoan. Justiziaren sinbolo bihurtzea lortu behar du berriz ere, irudi txarra "garbitu" behar du Gothameko hiritarren aurrean.

Gaizkiaren kontrako borrokan Batman ez da bakarrik egongo. Helburua lortzeko Gordonen (Oldman), Foxen (Freeman) eta pertsonai berrien laguntza izango du: Catwoman (Hathaway eta Balen arteko kimika oso ona da) eta Blake (Gordon-Levitt). Bigarren mailako aktore guztiek betekizun bat dute. Ondo eraikitako lan taldea da.

Pelikularen hasierako eszena itzela da! Beti bezala oinarri dramatikoa sendo eta iluna da. Ibilbidea amaierara heltzen da, eta horretarako Christopher Nolanek pelikula epiko, hunkigarri eta borobila zuzendu du.

'The Dark Knight Rises', 'Batman Begins'-etik hurbilago dago, 'The Dark Knight' pelikulatik baino. Hirugarren eta azken atal hau ez da bigarrena bezain korapilatsu eta konplexua, baina horrek berdin dio. Pelikula bikaina delako. 

Christopher Nolanek oso entretenigarria den trilogia zuzendu du, heroitasunaren inguruko planteamendu desberdina eskaini diguna. Beldurra, iragana, ongia eta gaizkiaren arteko borroka, sinboloen beharra eta zulotik ateratzeko itxaropena ez galtzea dira, besteak beste, hiru pelikulek landu dituzten gaiak.

Hiru pelikulekin, Nolanek, Batmanen istorioa eta superheroien generoa errealismo eta seriotasunez landu ditu  etorkizunari begira jarraitu beharreko pausuak adierazi ditu. Eskerrik asko Nolan!

'The Dark Knight' (2008) - Sinboloa

'Batman Begins' pelikularekin Christopher Nolanek bigarren atal bat lehenengoa baino hobeagoa izango daitekeela frogatu zuen.

Lehenengo atalean, 'Batman Begins' pelikulan, garrantzitsuena jasotako kolpeetatik indartsuago altxatzea zen. Bigarren atalean aldiz, 'The Dark Knight'-en, Bruce Waynek heroia izateak dakartzan ardurei aurre egin behar dizkie.Pelikulan, Batman Gotham Hiriaren sinbolo bihurtu da, gaizkile guztiak heroiaren beldur dira, hori dela eta, delituek behera egin dute. Gothameko hiritarrak lasai daude, Batmanen fokupean babestuta sentitzen baitira.

Waynek sinbolo izateak dakarren zama emozionala ez zuen aurreikusi, eta karga hori jasangaitza izango da heroiarentzat. Waynek Gothameko Hirian balore eta sinbolo berriak ezartzeko unea dela uste du. Hiritarrengandik hurbilago dagoen heroi bat behar du hiriak, aurpegi "polit" bat: Harvey Dent izango da, Bruce Waynen laguntzarekin, justiziaren sinbolo bihurtu behar den pertsona.


Bigarren atalaren elementu adierazgarrienetako bat The Jokerren presentzia da. Heath Ledgerrek The Joker munduko gaizkile maltzurrenean bihurtu zuen, gaindiezina aktoreak egindako lana. Anarkikoa, urduria, zoroa, aurreikus ezina; The Jokerrek Gotham Hiria kaosean murgilduko du eta Batmanek hiriaren kontrola galtzen hasiko da.

The Jokerrek Batmanen ahulezia errukitasuna dela badaki eta hori heroiaren kontra erabiliko du. Kaosak eragin dituen hildakoak zama jasanezina da Batmanentzat. Baliteke Batmanen presentzia, Gotham hiriarentzat onuragarria baino, kaltegarria izatea. Hori dela eta, Bruce Waynek Gothameko heroia izaten jarraituko duen ala ez erabaki beharko du.

Bigarren ataleko akzio eszenak ikusgarriagoak dira eta askoz gehiago daude. 'Batman Begins'en oinarrian Bruce Waynen pertsona dago, hau da, justizia ezartzeko dituen arrazoiak, bere jokaeraren zergatiak, bere psikologia... legendaren hasiera. 'The Dark Knight'en oinarrian aldiz, sinboloa dago, heroia.

'The Dark Knight'ek planteatzen dituen zalantzak edota gatazkak aurreko pelikulan planteatutakoak baino sakon eta ilunagoak dira, pertsonaiak zalantzagarriagoak dira. Onak ez dira diruditen bezain onak. Hiriaren segurtasuna defendatzen duten arren, une kritikoenean, mendeku gogoak agertzen direnean, interes pertsonala eta berekoikeria da nagusi. Norbanakoak bere justizia inposatzen du orduan. Horren adibidea, berriz ere, Harvey Dent.


Harvey Dent, Gothamen sinbolo bihurtu behar den hori, bi aurpegi dituen pertsona dugu, heroiaren eta gaizkilearena; ongiaren eta gaizkiaren arteko mugan kokatzen den pertsonaia da.

Christopher Nolanek akzioa eta drama ondo tartekatzen ditu pelikulan. Istorioak guztiz harrapatzen zaitu, iraupenak ez du axola, hasieratik amaierara arte pelikula produktu entretenigarria delako. Maisulana dela esatea agian gehiegi da, baina 'The Dark Knight' kalitatezko produkzio erraldoi baten eredua da.

19/7/12

'Batman Begins' (2005) - Mitoaren lehen pausuak

Beldurra Gotham hiriaren oinarria da. Hiri iluna, zaborrez betetakoa, korruptoa. Gothamen ez dago justiziarako tokirik. Baina, gehien ikaratzen duena beldur gehien ezkutatzen duen hori da.

Bruce Waynek beldurra bere bertute bihurtzen du, ongia eta gaizkiaren artean bereizten laguntzen dio beldurrak. Waynek ez du jendeak erraz ahantziko duen heroia izan nahi, ez ditu dominak nahi. Bruce Waynen anbizioa askoz handiagoa da, justiziaren sinbolo izan nahi du, gaizkileak beldurtuko dituen legenda.

Heroi guztien antzera, Bruce Waynek ibilbide bat jarraitu eta gainditu behar du; hala ere, zenbait heroiekin gertatu ez bezala, Waynek argi du zein den bere identitatea eta bere helburua. Eroriko da, baina beti altxatuko da. Ibilbide horretan Henri Ducard izango da bere mentore. Horrek beldurrei aurre egiten irakatsiko dio, eta borrokalari hotz bat izateko entrenatuko du. Ducardek errugabetasuna gizonen ahulezia dela uste du. Waynek mentoreari aurre egingo dio eta injustiziaren kontrako borroka bere kabuz egingo du. Bakarrik.

Ekintzek pertsonen izaera definitzen dute. Wayne botererik gabeko heroia da. Aberatsa denez, gauzak errazten dizkioten tramankulu arraro eta bitxiak erosi ditzake. Tramankulu horiekin sinbolo bihurtzeari begira hain garrantzitsua den eszenaratzea prestatuko du.


2005ean, Christopher Nolanek publiko eta kritika liluratu zituen Batman super heroiaren komikien moldaketa berri eta ilunarekin. Batman Beginsekin Nolan trilogia bat bihurtu denaren oinarri sendoa eraiki zuen. Nolanen pelikularen ondoren, komikien moldaketa zinematografikoak aldatu egin dira. Hobera egin dute.

Nolanen Batman Christian Bale aktorea da. Beldurrak dituen Bruce Wayne bat eraiki dute bien artean, iragan mingarri bat duena eta horrek bere ekintzak baldintzatzen dituena. Bruce Waynek izaera hotza du. Pelikula akzioz beteta dago eta oinarri dramatiko sendo bati esker Batman heroi serio, sakon eta ilun batean bihurtzen da (aurreko bertsio makaletatik aldenduz). Pelikulan maitasunarentzat lekua dago, heroi guztiek dute bere "neska", baina oraingoan ez da heroiaren motibazio bakarra. Kasu honetan, Bruce Waynen jokaeren arrazoia edo motibazioa indibidualagoa da, pertsonalagoa.

Pelikularen argazkigintza itzela eta landua da, Gotham hiriaren hoztasun eta iluntasuna indartzen duena. Soinu banda Hans Zimmerrek konposatu du, musikak akzio eszenei epikotasun kutsu nabarmen bat gaineratzen die (nire ustez, Zimmer soinu banda epikoen errege da).

Pelikularen aktore taldea ezinhobea da. Christian Balen lanaz aparte, Gary Oldman, Michael Caine eta Morgan Freemanek eszena arrunt bat euren presentzia hutsarekin hobetzen dute. Nolanek pertsonak ondo aurkezten ditu,  ikusleak erraz harrapatzen du horien izaeren muina.

Esan bezala, Nolanek Batman Beginsek superheroien pelikulak produktu serioak izan daitekeela erakutsi zuen. Lehenengo entrega oso ona iruditzen zait, baina bigarrena, The Dark Knight... hobea.