Mostrando entradas con la etiqueta Joaquin Phoenix. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Joaquin Phoenix. Mostrar todas las entradas

24/2/14

'Her' (2013)

Harremanak eta teknologia
Ondorengo kritikak spoilerrak izan ditzake

Internet, sare sozialak, unetxo batez huts egiteagatik kaosa sortaraz dezaketen aplikazioen erabilpena… Teknologiaren menpe bizi garela nahiko argi dago, bai erabilpen pribaturako bai profesionalerako. Horregatik, aurrerapen horiek gure harremanetan modu batean ala bestean eragitea nahiko logikoa suerta daiteke. Spike Jonzeren ‘Her’ pelikulak pausu bat haratago doa, eta etorkizun hurbil batean kokatzen gaitu. Horretan “bizitza propioa” duten sistema operatiboak existitzen dira.

Produktuaz erakarrita, Theodorek (Joaquin Phoenix) sistema operatibo bat erosten du. Bere sistema operatiboaren izena, Samantha da. Theodore idazlea da, herritar arrunt bat, anbizio berezirik gabekoa. Gizon bakartia da, bizitza sozialetik urrun mantentzen dena. Lanean, bezeroen izenean sinatutako gutun pertsonalizatuak idazten ditu. Hau da, bezeroek bizpahiru datu ematen dizkiote eta datu horietatik abiatuz sentsazio-sentimendu bat imajinatzen eta “intepretatzen” du, diktatuz, inprimatuz eta gero gutuna bidaliz. Samantharen pareko “lan dinamika” jarraitzen duela esan genezake: sistema operatiboak datu ugari pilatzen ditu, bezeroen sentsazio eta sentimendu ugari (kasu honetan Theodorenak), gero sentimendu horiek interpretatzen ditu bezeroari erantzun egokiena emateko.

15/1/13

'The Master' (2012) - Irudien eta aktoreen hipnotismoa



(!) Oscar Sariak 2013: 3 izendapen lortu ditu 'The Master' pelikulak: Gizonezko aktore onena (Joaquin Phoenix), Gizonezko Bigarren aktore onena (Philip Seymour Hoffman) eta Emakumezko bigarren aktore onena (Amy Adams)

Freddie Quellek (Joaquin Phoenix) trauma bat du. Urduria eta oldarkorra da; gerratik ‘zoratuta’ eta galduta bueltatu da. Ez du inor ezagutzen, bakarrik dago nora joan eta zer egin jakin gabe. Freddiek gizartearen parte izan behar du berriro, horretarako lana bilatzen hasten da: argazkilari gisa, landan … baina lehenago ala beranduago hanka sartuko du Freddiek, eta hasierako puntura bueltatuko da.

Gau batean Lancaster Doddekin (Philip Seymour Hoffman) topo egingo du Freddiek. Egun horretatik aurrera marine izandakoaren bizitza aldatuko da . Dodd “The Cause” mugimenduaren fundatzaileetako bat da, eta bere metodoen bitartez Freddie bizi duen infernua desagerraraziko duela pentsatzen du. Dodd Freddieren mentore bihurtuko da.

Batzuetan, pelikula bat ikusten dudanean berehala dakit zergatik gustatu zaidan edo zergatik ez; beste batzuetan ez. Paul Thomas Andersonen azken lana konplexua, anbiguoa eta aldi berean hipnotikoa da (hau da, bere lan guztien antzera). ‘The Master’ gorrotatu ala maitatuko duzun pelikula horietako bat da (Terrence Malicken zinemarekin gertatzen den bezala). Hori bai, pelikularen irudiek igortzen duten magnetismoa liluragarria izan arren, pelikulak pixka bat dezepzionatu nau, kontatzen duen istorioarekin guztiz “konektatu” ez dudalako. Ondorengo kritikak ‘spoilerrak’ ditu.