Mostrando entradas con la etiqueta Oscar sariak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Oscar sariak. Mostrar todas las entradas

27/2/12

Oscar sariak, "The Artist" gaueko izar

Aurten Oscar sariak ikusteko helburua nuen, streaming-a ordenagailuan jarrita red carpeta "kritikatzen" aritu nintzen denbora luzez, "Ikusi al duzu zein polita den soineko hori?... Bueno, ez dakit ba ... kolorea arraro zamarra da..."; "Nor demontre da hori? A! Abeslari bat..." Bi ordu t'erdi falta ziren red carpeta amaitu eta zeremonia hasi arte. Erdi lo nengoela (goizeko ordu bat eta erdiak aldera), ordenagailua amatatzea erabaki nuen, eta irratira pasa nintzen. Eroso, esatarien komentarioak entzunez..., hamar minututan lo. Gaur, goizean goiz, ordenagailua piztu, telebistan albistegiak jarri eta Twitterren sartzearekin nahikoa izan da jakin beharreko informazio guztia jasotzeko. Espero nuen bezala, sorpresa gutxi.


Oscar sarien 84.edizioak ez du ezustekoetarako lekurik utzi, faborito zirenak irabazle suertatu direlako. "The Artist" film mutu frantsesak bost sari irabazi zituen atzokoan (Pelikula, Zuzendari, Aktore nagusi, Musika eta Jantzi hoberenen kategorian). Oscarren historian ingelesez grabatuta ez dagoen film batek pelikula hoberenaren saria irabazten duen lehen aldia da; eta ez hori bakarrik, Jean Dujardinek gizonezkoen kategorian Oscar saria lortzen duen lehenengo frantsesa dugu ere.


Nostalgiaz betetako zeremonia izan da, izendapen gehien biltzen zituzten bi pelikulak ("Hugo" eta "The Artist", 21 izendapen guztira) zine mutuari egindako omenaldiak direlako. Pelikula hauen arteko lehian berdinketa egon da, bakoitzak bost sari jaso baitituzte. Desberdintasun batekin, Scorseseren "Hugo" abenturak, kategoria teknikoetan lortu du garaipena (Fotografia, Zuzendaritza Artistikoa, Soinua, Soinu efektuak eta Efektu bisualak).

Esan bezala sorpresa gutxi. Aktoreen kategoriei dagokienez, Meryl Streep ("The iron lady") bere hirugarren Oscar saria irabazi du (Katherine Hepburn-en 'record'-etik gero eta hurbilago) eta sekundarioen kategorian Christopher Plummer ("Beginners") eta Octavia Spencer ("The help") izan dira irabazle.

Woody Allen-en "Midnight in Paris"-ek irabazi du gidoi original hoberenaren kategorian eta Alexander Payne-k gidoi moldaketa hoberenaren saria lortu du "The Descendants" filmaren testuagatik. Aurreikusita zegoen bezala "Nader and Simin, a separation" pelikula iraniarrak irabazi du atzerriko hizkuntzan grabatutako lan onenaren saria eta Animazio kategorian Gore Verbinskiren "Rango"-k lortu du saria.


Billy Cristal izan da zeremoniaren aurkezle, eta dirudienez, froga nota onarekin gainditu du. Glamourez betetako gala honetan, urtero bezala, polemikarako tokia dago ere, aurten Sacha Baron Cohen komikoaren eskutik, bere hurrengo pelikularen protagonistaz mozorrotuta aurkeztu zen Kim Jong il-en 'errautzak' kutxa batean eramanez eta hauek alfonbra gorritik zabalduz.

Saritu beharrekoa sarituta, ezustekorik ez.

24/2/12

Oscar sariak, iragarpenak: Gidoi original eta gidoi moldaketa

Amaitzeko, eta hautagaien analisi hau astunegia bihurtu ez dadin, kategoria ‘handien’ artean gidoigintzari dagokion atala aztertzea falta zaigu.

Gidoi originalari dagokionez zalantzak ditut. ‘The Artist’-ek aukera asko ditu hau irabazteko, baina Woody AllenenMidnight in Paris’-ek zer esaterik badu. Izendatuen artean bi pelikula hauek dira gustukoen ditudanak. Hala ere, originaltasunez ari bagara ‘The Artist’ek erakusten duen trama ‘Singin’ in the rain’ filmaren antzeko zamarra iruditzen zait (zine mutuaren formatua kontuan hartu gabe noski). Woody Allenek ‘Midnight in Paris’-ekin publiko eta kritika amerikarraren arreta berreskuratu du, agian, gaueko sorpresa izan daiteke.



Moldaketari dagokionez, lehia ziur aski “Moneyball” eta “The Descendants”-en artean egongo da. Aaron Sorkin dugu Moneyball-en gidoilari, honek pasadan urtean Oscar saria irabazi zuen ‘The Social Network’ filmagatik, beraz ez errepikatzearren Alexander Payne-nek aukera gehiago ditu aurten sari hau irabazteko. Nire ustez ‘The Descendants’, Alexander Paynen filma, 'Moneyball' baino hobeto egituratuta dago. Moneyball pelikulak batez ere lehenengo partean egiten duen proposamena interesgarria da, hala ere, amaiera aldera indarra galtzen du, kirol pelikulen topikoz betetzen delako. Beraz, gidoi moldaketaren lehian  Alexander Payne-n eta bere errealitate tragikomikoaren alde egingo nuke. Sorpresarako tokia egon daiteke ere kategoria honetan, akademia amerikarrak azkenean 'Tinker, Tailor, Soldier, Spy'-ren alde egiten badu.





Gidoi originalaren kategorian hautagai: “The  Artist’, ‘Bridesmaids’, ‘Margin Call’, ‘Midnight in Paris’, ‘Nader and Simin, a separation’.
Gidoi moldaketaren kategorian hautagai: ‘The descendants’,’Hugo’, ‘The ides of March’, ‘Moneyball’, ‘Tinker, Tailor, Soldier, Spy’

Espero zenbait sorpresa egotea igandeko sari banaketan. Beti bezala, zenbait pelikula faltan botatzen ditut izendapenetan, adibidez, ‘Drive’ edo ‘Shame’, eta hauen protagonisten presentzia, Ryan Gosling eta Michael Fassbender. Baina urtero berdin gertatzen da. Orokorrean kiniela gehienek ‘The Artist’ sari gehien eramango dituen filma izango dela diote. Zenbat lortuko ditu? Astelehen goizean jakingo dugu!

Oscar sariak, iragarpenak: Aktoresa nagusi eta sekundarioa

Kasu honetan faborito argi bat ez dagoela uste dut. Meryl Streep-ek saria irabazteko aukera asko dituen arren, Viola Davis garaile suerta daiteke 'The help' pelikulagatik. Gainera, interneten Michelle Williams-en izena aipatzen dute ere irabazle bezala. Hiru emakume indartsu, hiru aktoresa bikain.
                                                                                                                                                                  

Meryl Streepek Margaret Thatcher da 'The Iron Lady' pelikulan, itxura aldatzeak puntu asko ematen ditu Oscar saria lortzeari begira, eta Meryl Streepek politikari britainiarrean transformatzeko makilaje ordu nahikotxo jasan ditu. Viola Davis-ek neskamearen papera betetzen du 'The help' pelikulan; nolabait pertsona errealaren ordezkari bihurtzen da, errepresioaz nazkatuta bere eskubideen alde borrokatzen duen hori. Azkenik, Michelle Williams izar batean bilakatu da "My week with Marilyn"-en, Hollywoodeko mito handienean, Marilyn Monroen. Karakterizazio lana ona da, ez soilik fisikoki, ikusi ditudan klipak oinarrian hartuz hizkeran eta keinuetan ere Marilyn-en antza izatea lortu duelako. Ezin daiteke eztabaidatu hiru emakume hauen kalitate interpretatiboa. Igandeari begira, Meryl Streepen alde egingo nuke.




Sekundarioei dagokienez, 'The help' pelikulak izan duen harrera ona islatzen da; pelikulan agertutako aktoreetako bik kategoria honetan izendapenak lortu dituztelako, Jessica Chastain eta Octavia Spencer (goiko bideoan biak). Lagun eta lehiakide. Biek jaso dituzte sariak jada, nahiko berdinduta daude, hala ere, nire ustez Jessica Chastainek irabazi beharko luke. Arrazoi batengatik, 'The tree of life' ikusi nuenean ez nintzen ohartu emakume protagonista eta 'The help'-eko emakume bitxi hau aktoresa berdina zirela, eta horrek Jessica Chastainen lanari mesede egiten dio, akademikoek azken honek Malick-en filman egindako lana kontuan hartu dezakete bera eta Octavia Spencer-en artean aukeratzerako orduan.


Aktoresa nagusiaren kategorian hautagai: Glenn Close ('Albert Nobbs'), Viola Davis ('The help'), Rooney Mara ('Millennium'), Meryl Streep ('The Iron Lady'), Michelle Williams ('My week with Marilyn')


Aktoresa sekundario kategorian hautagai: Berenice Bejo ('The Artist'), Jessica Chastain ('The help'), Melissa McCarthy ('Bridesmaids'), Janet Meter ('Albert Nobbs'), Octavia Spencer ('The help')

Oscar sariak, iragarpenak: Aktore nagusi eta sekundarioa

Hasieran bazirudien George Clooney izango zela sari onen irabazle, kanpainia handia zuen inguruan honek 'The Descendants'-en egindako lana goraipatuz; baina apurka-apurka sari banaketak ospatu diren heinean, Clooney hain faborito ez zela konturatu ginen. Jean Dujardin frantsesak SGA, Golden Globe saria eta Bafta irabazi ditu. Hiru sari hauek irabazi dituen aktore orok beti Oscar saria eraman du etxera. Teoria hau kontuan hartuz, Dujardin izango da Oscar sariaren irabazle. Merezita gainera.

Baina, teoria gauza bat da, eta praktika beste bat. Pasadan urtean Colin Firth aktore britainiarrak irabazi zuen Oscarra “El discurso del rey” filmagatik. Bigarren urtez amerikarra ez den aktore batek saria irabaztea agian arraroa eta “kezgarria” izan daiteke amerikar zine akademikoentzat. Hori dela eta, George Clooney-k saria irabazteko aukerak ditu oraindik. Clooney-k zenbait sari jaso egin ditu ere 'The descendants'-en egindako lanagatik. Beraz, lehia Jean Dujardinen eta George Clooney-ren artean egongo da.




Sekundarioen kasuan arraroa izango litzateke Christopher Plummerek ez irabaztea. Guztia irabazi du aurten ‘Beginners’-en egindako lanagatik. Plummerek (edo “The sound of music”  musikalaren Von Trapp kapitaina) oraindik ez du Oscar saririk jaso. Nolabait, sari honekin ez dute soilik Plummerrek ‘Beginners’-en egindako lana  saritzen, baizik eta filmografia oso bat. 



Aktore nagusiaren kategorian hautagai: Demián Bichir ('A better life'), George Clooney ('The Descendants'), Jean Dujardin ('The Artist'), Gary Oldman ('Tinker, Tailor, Soldier, Spy'), Brad Pitt ('Moneyball')

Aktore sekundario kategorian hautagai: Kenneth Branagh ('My week with Marilyn'), Jonah Hill ('Moneyball'), Nick Nolte ('Warrior'), Christopher Plummer ('Beginners'), Max Von Sydow ('Extremely loud, incredibily close').

Oscar sariak, iragarpenak: Pelikula eta Zuzendari hoberenak

Billy Cristal izango da igande honetan ospatuko den sari banaketaren aurkezle. Pelikula hoberenaren kategorian  hautagai diren pelikulak aztertu ondoren, iragarpenak egiteko unea da.

Bederatzi filmek dute aurten zinearen sari preziatuena irabazteko aukera. Martin Scorseseren 'Hugo'-k hamaika  izendapen lortu ditu, honen ondoren, 'The Artist' dugu, hamar izendapenekin. Film mutu frantsesak igande gauean sari gehien irabaziko dituen filma izango da ziur aski, hala ere, ez dut uste guztiak lortuko dituenik. 'The Artist' pelikula zinearen hastapenei egindako omenaldia da, Hollywoodeko zineari egindakoa; horrek akademiko amerikarren harrotasuna puztu duenez, saritua izango da. Faboritoa da pelikula hoberenaren kategorian, baita Zuzendari hoberenaren kategorian ere. 



Hala ere, zeremonia honetan edozer gauza gerta daiteke. Batzuetan faboritoa, edota izendapen gehien dituen pelikulak, saririk gabe bueltatzen da etxera. 'The Artist' filmaren lehiakide indartsuena Martin Scorseseren 'Hugo' pelikula dela esan dezakegu. Kasu honetan lehia nagusia zuzendari hoberenaren kategorian egongo litzateke. Scorsese ala Hazanavicius? Nork merezi du gehiago?

Pelikula hoberenaren kategorian hautagai: 'The Artist', 'Hugo', 'The tree of life', 'Midnight in Paris', 'War Horse', 'The help', 'Moneyball', 'The descendants', 'Extremely loud, incredibily close'.

Zuzendari hoberenaren kategorian hautagai: Michel Hazanavicius ('The Artist'), Martin Scorsese ('Hugo'), Terrence Malick ('The tree of life'), Woody Allen ('Midnight in Paris'), Alexander Payne ('The descendants')