Erlazionatutako edukia: 'Billy Wilderren monografikoa'
'A foreign affair' pelikula Billy Wilderren monografikoari dagokion atal berria da. Ez da zuzendariak egindako lanik aipagarrienetako bat, baina baditu aipatzea merezi duten zenbait kontu. Pelikularen abiapuntua Alemanian jarraitzen duten soldadu estatubatuarren egoera morala aztertzea da. Charles Brackettek eta Billy Wilderrek batera garatu zuten komedia erromantiko (eta pixka bat dramatiko) honen gidoia. Amaierako emaitza ez zen AEBetako ejertzitoaren gustukoa izan. Izan ere, estatubatuarren jokabidea goraipatu ordez, agintari eta soldaduen bikoiztasun morala agerian uzten dute.
Pelikularen beste oinarrietako bat maitasun istorioa da. Hiru pertsonaia nagusi ditugu: John Pringle (John Lund), AEBetako ejertzitoaren kapitain bat; Erika Von Schluetwoe (Marlene Dietrich), nazia izandako abeslari alemaniarra; eta azkenik Phoebe Frost (Jean Arthur) egoera aztertu behar duen kongresista errepublikanoa. Erika babesteko saiakeran, Pringle kapitainak bi emakumeen sentimenduak manipulatuko ditu.