Mostrando entradas con la etiqueta Michel Hazanavicius. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Michel Hazanavicius. Mostrar todas las entradas

24/2/12

Oscar sariak, iragarpenak: Pelikula eta Zuzendari hoberenak

Billy Cristal izango da igande honetan ospatuko den sari banaketaren aurkezle. Pelikula hoberenaren kategorian  hautagai diren pelikulak aztertu ondoren, iragarpenak egiteko unea da.

Bederatzi filmek dute aurten zinearen sari preziatuena irabazteko aukera. Martin Scorseseren 'Hugo'-k hamaika  izendapen lortu ditu, honen ondoren, 'The Artist' dugu, hamar izendapenekin. Film mutu frantsesak igande gauean sari gehien irabaziko dituen filma izango da ziur aski, hala ere, ez dut uste guztiak lortuko dituenik. 'The Artist' pelikula zinearen hastapenei egindako omenaldia da, Hollywoodeko zineari egindakoa; horrek akademiko amerikarren harrotasuna puztu duenez, saritua izango da. Faboritoa da pelikula hoberenaren kategorian, baita Zuzendari hoberenaren kategorian ere. 



Hala ere, zeremonia honetan edozer gauza gerta daiteke. Batzuetan faboritoa, edota izendapen gehien dituen pelikulak, saririk gabe bueltatzen da etxera. 'The Artist' filmaren lehiakide indartsuena Martin Scorseseren 'Hugo' pelikula dela esan dezakegu. Kasu honetan lehia nagusia zuzendari hoberenaren kategorian egongo litzateke. Scorsese ala Hazanavicius? Nork merezi du gehiago?

Pelikula hoberenaren kategorian hautagai: 'The Artist', 'Hugo', 'The tree of life', 'Midnight in Paris', 'War Horse', 'The help', 'Moneyball', 'The descendants', 'Extremely loud, incredibily close'.

Zuzendari hoberenaren kategorian hautagai: Michel Hazanavicius ('The Artist'), Martin Scorsese ('Hugo'), Terrence Malick ('The tree of life'), Woody Allen ('Midnight in Paris'), Alexander Payne ('The descendants')

6/2/12

The Artist (2011): Zinea, esperientzia gisa.

'The Artist' bezalako film bat egingo zela entzun nuenean, ikaragarri gustatu zitzaidan proposamena. Ordutik aurrera, bere mugimenduak jarraitzen hasi nintzen; irudi, klip zein trailer berrien inguruko albisteak gogoz itxaroten nituen. Estreinatu zutenean, hor egon nintzen ni, lehenengoa hileran, sarrera erosteko prest.

Denbora pasatu egin da bere estreinalditik, eta dirudienez ez du lehiakiderik sarietara begira. 'The Artist' pasadan urteko proposamenik interesgarrienetako bat izan zen. Proposamen desberdina, originala eta ausarta 'remake', 'reboot' eta zarata garaietan. Eskerrik asko Michel Hazanavicius proiektua beldurrik gabe aurrera eramateagatik!



Hollywoodland-en kokatzen gara, 1927.urtean. "The jazz singer" filma estreinatzear zegoen. Soinuaren iraultza heltzear. George Valentin (Jean Dujardin aktorea. Itzela, karismaduna, garaiaren adierazgarri zen xarmaren adierazle ona) momentuko izar nagusietako bat da. Ospetsua, dirurik ez zaio falta ... Soinua agertzen den arte. Honek bere bizitza hankaz gora jartzen du. Valentinek soinua ukatzen du, ez dago sistema berriarekin ados, ez dago antzezteko prest. Soinua etorkizunik gabeko behin behineko bitxikeria teknikoa baino ez dela pentsatzen du. Ekoizleek ez daude batere ados honen hitzekin eta honentzat zineman lekurik ez dagoela ulertaratzen diote, kaleratzen dute. Une horretatik aurrera hasten da George Valentinen "infernurako jaitsiera".

Bestetik, Peppy Miller (Berenice Bejo) emakume gaztearekin topo egiten dugu. Karisma handia duen aktoresa izanik, erraz lortuko du ospea. Izar handi batean bihurtuko da Valentin hondoratzen den bitartean. Kasualitateak batu zituen Peppy Miller eta George Valentin. Aktoresak dena sor dio Valentini, honen laguntzarekin zinemaren munduan sartu zelako. Peppy Millerek ez du inoiz laguntza hori ahaztuko.


Pelikulan agertzen diren elementu guztiak zergati bat dute. Denek egiten diote mesede istorioari, hau indartuz. Pelikuletan irudiek askotan hitzek baino gehiago esaten digute. Michel Hazanaviciusek zuzendari ona dela erakutsi du film honekin. Hori detaile txikietan nabaritzen da. Adibidez, filmean zehar zinema areto desberdinak ikusten ditugu eta hauetan kartel ugari. Eszena batean George kaletik dabil bere zoritxar eta bakardadean murgilduta, une horretan zinema areto baten ondotik igarotzen da. Zinema areto horrek iragartzen duen filmaren izenburua "Lonely star" da. Hori ez da kasualitate hutsa. Geroago, Peppy Millerekin antzeko zerbait gertatuko da. Zinema areto batean, "El ángel de la guarda" izenburuko kartel baten ondoan ikusiko dugu. Miller, George Valentinen babesle bihurtuko da. Zuri beltz eder batean grabatutako lan itzela dugu 'The Artist', 4:· formatuan gainera. Zinean bizi beharreko esperientzia bat da. Zinema da!


Argi dago hitzak ez direla guztiz beharrezkoak istorio bat ulertzeko (intertitulu gutxi agertzen dira filmean zehar). Soinu banda eta aktoreen interpretazioak nahikoak dira emozioei indarra emateko. Itzela izango zen proiekzioa zuzeneko orkestra batekin ikustea (zinearen hastapenen antzera). Baina 'The Artist'en dena ez da musika, badira isiltasun uneak ere. Hauetan ez da euli bat ere entzuten. Irudiaren aurrean gor geratzen gara. Isiltasun absolutua.

Bikaina iruditu zait George Valentinek duen amets gaiztoaren eszena. Dujardinen lana Oscar saria merezi du (Clooneyren lana baino hobeagoa iruditu zait). Film ederra iruditu zitzaidan. Zinemari egindako omenaldi dotorea. Erreferentzia inplizitu eta esplizitu desberdinak aurkitzen ditugu ere, adibidez, 'Ciudadano Kane', 'La cena de los acusados', 'El crepúsculo de los dioses' edota 'Cantando bajo la lluvia' filmei egindakoak. Lan itzela da zuzendariak egindakoa. 100 minutu irauten ditu pelikulak, proiekzio egunean, filma amaitu zenean, zine aretoan soilik gauza bat entzun zen... txaloak!