Mostrando entradas con la etiqueta Moneyball. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Moneyball. Mostrar todas las entradas

24/2/12

Oscar sariak, iragarpenak: Gidoi original eta gidoi moldaketa

Amaitzeko, eta hautagaien analisi hau astunegia bihurtu ez dadin, kategoria ‘handien’ artean gidoigintzari dagokion atala aztertzea falta zaigu.

Gidoi originalari dagokionez zalantzak ditut. ‘The Artist’-ek aukera asko ditu hau irabazteko, baina Woody Allenen ‘Midnight in Paris’-ek zer esaterik badu. Izendatuen artean bi pelikula hauek dira gustukoen ditudanak. Hala ere, originaltasunez ari bagara ‘The Artist’ek erakusten duen trama ‘Singin’ in the rain’ filmaren antzeko zamarra iruditzen zait (zine mutuaren formatua kontuan hartu gabe noski). Woody Allenek ‘Midnight in Paris’-ekin publiko eta kritika amerikarraren arreta berreskuratu du, agian, gaueko sorpresa izan daiteke.



Moldaketari dagokionez, lehia ziur aski “Moneyball” eta “The Descendants”-en artean egongo da. Aaron Sorkin dugu Moneyball-en gidoilari, honek pasadan urtean Oscar saria irabazi zuen ‘The Social Network’ filmagatik, beraz ez errepikatzearren Alexander Payne-nek aukera gehiago ditu aurten sari hau irabazteko. Nire ustez ‘The Descendants’, Alexander Paynen filma, 'Moneyball' baino hobeto egituratuta dago. Moneyball pelikulak batez ere lehenengo partean egiten duen proposamena interesgarria da, hala ere, amaiera aldera indarra galtzen du, kirol pelikulen topikoz betetzen delako. Beraz, gidoi moldaketaren lehian  Alexander Payne-n eta bere errealitate tragikomikoaren alde egingo nuke. Sorpresarako tokia egon daiteke ere kategoria honetan, akademia amerikarrak azkenean 'Tinker, Tailor, Soldier, Spy'-ren alde egiten badu.





Gidoi originalaren kategorian hautagai: “The  Artist’, ‘Bridesmaids’, ‘Margin Call’, ‘Midnight in Paris’, ‘Nader and Simin, a separation’.
Gidoi moldaketaren kategorian hautagai: ‘The descendants’,’Hugo’, ‘The ides of March’, ‘Moneyball’, ‘Tinker, Tailor, Soldier, Spy’

Espero zenbait sorpresa egotea igandeko sari banaketan. Beti bezala, zenbait pelikula faltan botatzen ditut izendapenetan, adibidez, ‘Drive’ edo ‘Shame’, eta hauen protagonisten presentzia, Ryan Gosling eta Michael Fassbender. Baina urtero berdin gertatzen da. Orokorrean kiniela gehienek ‘The Artist’ sari gehien eramango dituen filma izango dela diote. Zenbat lortuko ditu? Astelehen goizean jakingo dugu!

10/2/12

'Moneyball' (2011) - Arauak apurtzen

'Moneyball' filmak arauak apurtzearen ideia defendatzen du, gehiengoak jarraitzen duen horren kontra egitera ausartuz. Aukera eta proposamen berritzaileek eraginkorrak direla eta lekua dutela erakutsiz. Negoziaketaren mundua erakusten du pelikulak, hori da bere bereizgarri nagusiena.

Billy Beane (Brad Pitt) beisbol talde txiki baten zuzendari/managerra da. Ligako aurrekontu txikiena izanik, taldea eraberritzeko ardura du. Horretarako jokalarien joko estadistiketan oinarritutako fitxaje sistema bat hartuko du oinarri gisa. Talde handiek nahi ez dituzten jokalariak erosiko ditu (zaharrak, arazo fisikoak dituztenak ...), beisbolaren mundua hankaz gora jarriz. Talde handien "hondakinak" fitxatuz, talde irabazle bat sortzeko asmoa du Beanek. Filmaren lehenengo partea ona da, negoziaketen mundua narratzen duelako Aaron Sorkinen ("La red social") gidoiak. Pelikula desberdin bat izaten saiatzen da, hala ere, azpigenero honen pelikula oro bezala bere gune epikoak ditu ere, ikusle hunkitzen dituzten une horiek, heroikoak, amets amerikarraren adierazle. Hori dela eta, istorioa topikoz betetzen den heinean, indarra galtzen doa.


Billy Beane, Pitten pertsonaia, itxi gabeko zauri bat du, iraganeko xama bat, gainetik kendu nahi ez duena, bere izaera definitzen duelako eta kirola krudela dela jabetzen laguntzen diolako. Beane gaztea zenean talde handi batek fitxatu egin zuen izar handi batean bihurtuko zelakoan. Porrot handia izan zen. Dezepzio hori da arauak apurtzera bultzatzen duena. Kirola disfrutatu behar da, ikuskizuna izan behar da garrantzitsu. Argiztapenak zenbait eszenetan Billy Beanean segurtasun ezaren ideia indartzen laguntzen du, Beane itzaletan murgilduz. Brad Pittek egiten duen lana ona da, begirada indartsua du, adierazgarria, sakona. Pelikularen pisua bere gain hartzen du Pittek.

Musikari dagokionez apunte bat. Kontu handiz egin behar da abestien aukeraketa "gazapo" denboralik ez emateko. Billy Beanen alabak bi aldiz abesten du "The show" abestia. Pelikula 2002an kokatzen da, abestia 2008koa da. Beraz ezinezkoa da alabak abesti hori ezagutzea. Hala ere, ulergarria izan daiteke abesti horren aukeraketa letra kontuan hartzen badugu, Billy Beanek defendatzen duen hori aldarrikatzen duelako (..."and just enjoy de show" ...).

Diruak ez du talde bat hobeago bihurtzen. Gailurrera heltzeko ez dago aberatsa izan beharrik. Billy Beanek ospea, dirua, garaipenak ... iragankorrak direla defendatzen du. Azken partidua ez galtzea da Beanen helburua. Txapeldun sentituko diren galtzaile talde bat baino ez dira. 

Pelikula apur bat luze egiten da, planteamenduan ukatzen zituen topikoetan erortzen dena. Lehen atala ona den arren, istorioak indarra galtzen doa aipatutako topikoak agertzen diren heinean. Pelikula interesgarria da, Pitt-en pertsonaia interesgarria delako. Besterik ez.