Jasminen krisia
Erlazionatutako edukia: 'Midnight in Paris'
* Kritikak spoilerrak izan ditzake
Ia urtero bezala, Woody Allen zuzendari eta gidoigileak pelikula berri bat eskaintzen digu. Egile
honen produkzio lana benetan harritzekoa da. Hori bai, beti ez du arrakasta edo
kalitate bera lortzen bere istorioetan. Zuzendariak egindako azken lanei
dagokionez, ‘Midnight in Paris’ filma
ikaragarri gustatu zitzaidan, bere argazki lanaz eta istorio magikoaz. Orain, ‘Blue Jasmine’ pelikulan, zuzendariak
maitasun kontuak eta nostalgiak alde batera uzten ditu eta antsietatea, errua, korrupzioa eta gezurra bezalako gaiak lantzen
ditu, komedia eta drama nahastuz.
Jasmine (Cate Blanchett) gizarte-maila altuko newyorktar bat da. Ikasketak utzi
zituen Halekin (Alec Baldwin)
ezkontzeko, enpresari arrakastatsu bat. Senarrak nahi beste kapritxo ematen
zizkion emazteari, pozik egon zedin. Jasmine, hala ere, itsututa bizi da (ala
errealitatea ez du ikusi nahi?), eta ez die senarrak egiten dituen akordio eta
negozio zalantzagarriei kasurik egiten. Bere bizitza ospean, aberastasunean,
harrotasunean eta materialismoan oinarritzen da. Egun batetik bestera, Jasminen
bizitzak 180 graduko bira emango du eta dituen ondasun guztiak galduko ditu.
Zerotik hasi beharko da, baina akatsetatik ikasiko ote du? Ala oraindik ez du
hondoa jo?