Ondorengo kritikak spoilerrak izan ditzake
‘Mud’
Jeff
Nichols zuzendariaren hirugarren film luzea da, baita protagonistaren izena
ere. ‘Mud’ pelikulak abentura, drama
eta maitasuna nahasten ditu. Tom Sawyerren abenturekin parekatu dute askok,
niri ‘Stand by me’ (1986) pelikula etorri zait burura pelikula ikustean. Umeen
kuriositatea, inozentziaren galera, apurtutako edo apurtzear dauden familien
istorioa, maitasun istorio triste bat… Guzti hori Nicholsen pelikulan ikus
dezakegu.
Pelikula honen aitzakia edo “macguffina”
zuhaitz batean “harrapatuta” gelditu den txalupa bat da. Nola demontre heldu
den txalupa horraino? Ez du axola. Txalupak bi gazteren arreta deituko du: Ellis (Tye Sheridan) eta Neckbone (Jacob Lofland) izeneko
gazteena zehazki. “Objektua aurkitu duenarentzat” teoria jarraituz, txalupa
euren propietate izendatuko dute. Baina euren sorpresarako, txalupak “jabea” du
jada.