Weston familiaren sekretuak
Hipokresia, irainak, min egiten
duten egiak, sekretuak, gezurrak, mespretxua… ‘August: Osage County’ pelikularen trailerra ikusita familia
gatazkei buruzko komedia atsegin baten aurrean gaudela dirudi, baina
errealitatetik ezin urrunago egon, pelikula komediara baino dramara gehiago
hurbiltzen delako. Are gehiago, erakusten duen egoera deprimitzekoa izan
daiteke. ‘August: Osage County’ Tracy
Lettsek idatzitako antzezlanean oinarritutako pelikula da. Kasu honetan, Letts
bera arduratu da bere testuaren moldaketa zinematografikoaz.
Weston familia, itxuran, nahiko
familia arrunta da. Aita (Sam Shepard) desagertu egin da; hori dela eta,
familiaren kide guztiak elkartuko dira. Bilera horretan, hasieran erakutsitako
errespetua eta politikoki zuzena den hori alde batera uzten joango dira,
etengabeko irain trukaketari bide emanez.