Mostrando entradas con la etiqueta Carnage. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Carnage. Mostrar todas las entradas

28/8/12

'Carnage' (2011) - Helduak, umeak baino txarrago

Hasierako kredituak igaro bitartean plano finko bat erakusten digu Roman Polanskik. Zuhaitzen enborrek “eszenatoki” baten mugak zehazten dituzte. Plano horretan, bi zuhaitzen artean, umeen gurasoen arteko eztabaida piztuko duen ekintza gertatuko da, gizakiak arrazoitzeko duen gaitasun eza erakutsiko duen eztabaida. Plano ona.

‘Carnage’ pelikula bi arrazoiengatik interesgarria iruditu zait da: bata, espazio bakar batengatik apustu egiteagatik; bestea, duen iraupen laburragatik (79 minutu). Semeen arteko borroka baten ondorioz, umeen gurasoak gertatutakoaren inguruan modu zibilizatu batean hitz egiteko biltzen dira. Hasieran egoera maitekorra, lagunartekoa… eta faltsua da. Laster txakurrak zaunka hasiko dira eta pixkanaka bakoitzaren “fatxada” erortzen hasiko da, pertsonai bakoitzaren benetako izaera agerian utzita. Batetik erdi-mailako familia bat dugu (Foster eta C.Reilly), beste aldetik, erdi-altu mailako bat (Waltz eta Winslet). Biktimaren eta erasotzaileen gurasoak, hurrenez hurren.

Bi pertsonek ez dute eztabaidatzen batek nahi ez badu, kasu honetan lau pertsonek. Protagonisten arteko itxurazko maitekortasuna berehala desagertuko da: inor ez dago amore emateko prest, ezta ezezagun batzuek euren duintasuna zalantzan jartzea jasateko prest. Guratsuak, faltsuak, harroputzak… Pertsona zibilizatuak direla diote, zentzudun eta etikoak, baina oker daude. Pelikulak aurrera egin ahala, helduak umeak baino txarragoak direla erakusten digu Polanskik, euren helburu bakarra gatazkan arrazoia duen bakarra izatea baita. Pelikulan ikusten ditugun “helduak”, euren jostailuak (liburuak, mugikorrak, koloniak…) apurtzen dizkietenean negar egiten hasten dira. Lezioak eman nahi dituzten lau indibiduo dira, baina horiek dira bat jaso behar dutenak. Eztabaidaren bidez, erreprimituta eta lotuta bizi diren pertsonak direla ikusiko dugu: proiektu bat aurrera eramateko kapaz ez direnak, euren amarengandik banatzeko gai ez direnak, edo euren lanen menpe bizi direnak.