30/8/12

'Zinemako pertsonaiak' - Norma Desmond


Mututik soinura egindako trantsizioa ez zen industriako kide guztientzat zoragarria izan, adibidez, Norma Desmondentzat ametsgaizto bat izan zen. Norma zinemaren hastapenetan gehien distiratu zuen aktore garrantzitsuenetako bat izan zen. Normaren mundua “hitz egiten, hitz egiten, hitz egiten!” zuten pelikulek suntsituko zuten.

Norma Desmond Max von Mayerling, maiordomoarekin, bizi da Sunset Boulevarden duen etxe erraldoi batean. Aktoreak ez ditu pelikula berriak jasaten, eta etengabe berak egiten zituen pelikula bikainak gogoratzen ditu. Egun batean Joe Gillis izeneko gidoilaria ezagutuko du, eta honi mesede bat eskatuko dio Desmondek: berak idatzitako gidoi bat berrikustea. Istorioa Desmonden itzulera suposatuko luke. Ahoberoa, oldartsua… Arrakastatik ahazmenera azkar igaro zen Norma, eta horrek errealitatea fikzioarekin nahastea eragin zion. Normaren pasioa antzeztea da, honen bizitza: zinema.

28/8/12

'Carnage' (2011) - Helduak, umeak baino txarrago

Hasierako kredituak igaro bitartean plano finko bat erakusten digu Roman Polanskik. Zuhaitzen enborrek “eszenatoki” baten mugak zehazten dituzte. Plano horretan, bi zuhaitzen artean, umeen gurasoen arteko eztabaida piztuko duen ekintza gertatuko da, gizakiak arrazoitzeko duen gaitasun eza erakutsiko duen eztabaida. Plano ona.

Carnage’ pelikula bi arrazoiengatik interesgarria iruditu zait da: bata, espazio bakar batengatik apustu egiteagatik; bestea, duen iraupen laburragatik (79 minutu). Semeen arteko borroka baten ondorioz, umeen gurasoak gertatutakoaren inguruan modu zibilizatu batean hitz egiteko biltzen dira. Hasieran egoera maitekorra, lagunartekoa… eta faltsua da. Laster txakurrak zaunka hasiko dira eta pixkanaka bakoitzaren “fatxada” erortzen hasiko da, pertsonai bakoitzaren benetako izaera agerian utzita. Batetik erdi-mailako familia bat dugu (Foster eta C.Reilly), beste aldetik, erdi-altu mailako bat (Waltz eta Winslet). Biktimaren eta erasotzaileen gurasoak, hurrenez hurren.

Bi pertsonek ez dute eztabaidatzen batek nahi ez badu, kasu honetan lau pertsonek. Protagonisten arteko itxurazko maitekortasuna berehala desagertuko da: inor ez dago amore emateko prest, ezta ezezagun batzuek euren duintasuna zalantzan jartzea jasateko prest. Guratsuak, faltsuak, harroputzak… Pertsona zibilizatuak direla diote, zentzudun eta etikoak, baina oker daude. Pelikulak aurrera egin ahala, helduak umeak baino txarragoak direla erakusten digu Polanskik, euren helburu bakarra gatazkan arrazoia duen bakarra izatea baita. Pelikulan ikusten ditugun “helduak”, euren jostailuak (liburuak, mugikorrak, koloniak…) apurtzen dizkietenean negar egiten hasten dira. Lezioak eman nahi dituzten lau indibiduo dira, baina horiek dira bat jaso behar dutenak. Eztabaidaren bidez, erreprimituta eta lotuta bizi diren pertsonak direla ikusiko dugu: proiektu bat aurrera eramateko kapaz ez direnak, euren amarengandik banatzeko gai ez direnak, edo euren lanen menpe bizi direnak.

26/8/12

'It happened one night' (1934) - Jerikoren harresia


Frank Caprak zuzendutako 'It happened one night' pelikula, askorentzat, Zinemaren Historiaren lehenengo screwball komedia da. Azpigenero mota horren bereizgarrien artean karismadun protagonistak, erritmo bizia, zein maila sozial desberdina duten pertsonen arteko gatazkak daude. 'It happened one night' pelikula, nire ustetan, oso ona da: entretenigarria, xarmangarria eta oso dibertigarria da. Errtmoa noizbait moteltzen den arren, pelikulan screwball komedian klabe diren elementuak ikus ditzakegu. Pelikulak Capraren estiloa definituko duten zenbait elementu ere islatzen ditu.

Peter (Clark Gable) kazetaria da, gutxitan aurkitzen ditu egunkarian argitaratzea merezi duen istorioren bat, hori dela eta, kaleratu dute. Kaleratu bezain pronto, kasualitateak inoiz gertatu den istorio bitxiena eskura jarriko dio. New Yorkera doan autobus batean Peterrek Ellie (Claudette Colbert) ezagutuko du, Wall Streeteko gizon garrantzitsu baten alaba mizke hazia. Ellie ihesean dabil, aitaren baimenik gabe ezkondu baita (hegazkin-piloto famatu eta lelo batekin), eta horren bila doa.

Peterrek eta Elliek, batera, abentura ederra biziko dute. Akordio bat egingo dute, eta horri probetxua aterako diote biek: Peterrek Ellieri ihes egiten lagunduko dio baldin eta Elliek Peterri istorioa egunkarian argitaratzeko esklusibotasuna ematen badio. Bien arteko tentsio sexuala nabaria da.

20/8/12

'Knocked Up' (2007) - Heldugabeak, erretzaileak eta hardunaldiak



Ben mutil heldugabea da, egun osoa ematen du lagunekin marihuana erretzen eurek sortutako webgune “originala” etekinak noiz emango dizkien zain. Benek ez du helbururik, etorkizunak ez dio gehiegi kezkatzen. Allison, aldiz, etorkizun oparoa izan dezakeen kazetaria da. Allison haurdun geratuko da espero gabe Benekin gau zoro bat igaro ondoren.

‘Knocked Up’ komedia behin baino gehiago ikusi dut, eta gaur egun “amerikar komedia berria” deritzonaren eredu ona dela pentsatzen dut. Judd Apatow dago pelikularen zuzendaritza eta gidoiaren kargu. Istorioak era koherentean nahasten ditu komedia erromantikoa eta komedia eskatologiko eta lizunena.

Ondo egituratutako komedia da. Gidoia landuta dago eta pertsonaiak ondo eraikita, protagonisten eta gainontzeko pertsonaien arteko harremanak ondo definituta daude eta heldugabeko “familia” bitxi bat osatzen dute guztien artean. Komediako pertsonaiek xarma naturala dute.

19/8/12

'Duck soup' (1933) - O, berorren gorentasuna


Groucho Marx hil zenetik 35 igaro dira. Groucho Marx komediaren erregeetako bat da, batzuentzat komiko besteentzat komediante. Grouchok, bere anaiekin batera, 30ko hamarkadako komedia hankaz gora jarri zuten. Groucho, Chico, Harpo eta Zeppo iraultzaileak izan ziren eta zineak bizi ari zen trantsizioa (mututik soinura) aprobetxatzen jakin zuten. Trantsizio hori ‘Duck soup’ komedian antzeman dezakegu.

“O, berorren gorentasuna” – Zuk ere ez zaude gaizki

Zine mutuaren komedietan, umorea ikusizko ekintzetan oinarritzen zen: pertsekuzioak, pastel borrokak … Marx anaiek, Groucho buruan, komedia egiteko beste modu baten alde apustu egin zuten, eta ikusizko gagak elkarrizketa sarkastiko, zorrotz, azkar eta zenbaitetan absurdoekin nahasten hasi ziren. Elkarrizketa zorrotzak sortzeko zuten erraztasuna Marx anaien “marka” izango zen.

“Nirekin ezkondu nahi? Dirurik utzi al zizun? Erantzuiozu lehenengo bigarren galderari”.

‘Duck Soup’ Marx anaien komedia hobeen artean dago. Zinemaren Historiaren parte diren esaldi eta gag ugariz betetakoa, komiko ugarirentzat erreferente bihurtu direnak. ‘Duck Soup’en komedia dago, musikala dago, zine mutua dago, eta “mala letxea”. Zoramen dibertigarri bat da.

18/8/12

'Brave' (2012) | Merida, Pixarren printzesa ilegorri eta bihurria


(!) Oscar sariak 2013: Izendapen bat lortu du 'Brave' pelikulak: Animazio pelikula onena.

Hona hemen Meridaren istorioa, printzesa erreboltari eta abenturazalea. Meridak patuari aurre egitea eta hori aldatzea erabakitzen du. Hartutako erabakiak ondorio magikoak izango ditu. Pixarren beste zenbait pelikulek gehiago hunkitu ninduten arren, Brave ikusten primeran pasatu dut, pantaila handiaren aurrean proiektatutakoarekin liluratutako ume bat bezala sentitu naiz. ‘Brave’, gaur arte, animazioaren erregeek egin duten narrazio klasikoenetakoa da forman.

Istorioa Erdi Aroko Eskozian kokatuta dago eta printzesa moderno bat erakusten du, gaur egungo baloreetara moldatutakoa, balore eta printzipio aurrerakoiak baititu. Fergus erregearen eta Elinor erreginaren alaba borrokatzailea eta bihurria da, ez ditu amaren pausuak jarraitu nahi, ama protokoloari lotuta bizi baita (horregatik amak pelikularen hasieran ilea bilduta darama). Meridak libre izan nahi du, bere patua erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du eta horretarako, tradizioa alde batera uztea ezinbestekoa da.


Berekoikeriak bultzatuta, Meridak sorgin bati laguntza eskatuko dio amari gauzak argi uzteko. 

15/8/12

'Up' (2009) - Pixar eta koloretako puxikak


Pixarrek ‘Up’ pelikularekin animazioaren errege dela, berriz ere, erakusteaz aparte, animazioak istorio bikainak konta ditzakeela argi utzi du. Estreinatu zenean, pelikulak eztabaida pixka bat sortu zuen, animazio pelikulek duten kalitatea ikusita, sari banaketei begira, fikzio arruntetatik bereizi behar dira, ala ez?

Duela pare bat urte, Hollywoodeko akademiak arlo horretan aurrerapauso bat eman zuen, ‘Toy Story 3' Pelikula Hoberenaren kategorian Oscar sarietara izendatu zutenean. Pixarrek egin dituen azken pelikulek, bere istorioek gaur egun pantaila handian ikus ditzakegun beste zenbat istorio baino askoz helduagoak direla erakutsi dute: ondo egituratuta daude, narrazio sendo bat dute oinarrian eta maitagarriak diren pertsonaiak sortu dituzte.

11/8/12

'Ted' (2012) - Lizuna eta, aldi berean, samurra den hartza


(!) Oscar sariak 2013: Izendapen bat lortu du 'Ted' pelikulak: Abesti onena.

Johnny (Mark Walhberg) Bostonen bizi den ume bakarti eta inozentea da. Gabonetan hartz peluxe bat oparitu diote, eta horrek pozten du, ez da opariaz banatzen ezta momentu bat ere. Egun batean, Johnny gazteak desira bat eskatzen du, Ted bizirik egotea nahi du; eta hala gertatzen da. Orain, Johnny eta Ted helduak dira eta elkarrekin bizi dira. Egun guztia sofan etzanda ematen dute Flash Gordon ikusten marihuana erre bitartean.
Johnek 35 urte ditu eta heldugabea da. Lorirekin (Mila Kunis) erlazio bat du, lau urte daramate batera eta, une honetan, inflexio puntu batean daude. Lorik aurrerapauso bat eman nahi du erlazioan, Johnnyk aldiz, pozik dago dutenarekin, berarentzat nahikoa. John eta Tedek arteko adiskidetasuna oso indartsua da eta Lorirekin duen erlazioaren etorkizunari begira, oztopo nagusia. John heldu bihurtu beharko da Lorirekin jarraitu nahi badu eta bere bizitza hondatu nahi ez badu. Maitasuna eta adiskidetasunaren artean aukeratu beharko du, heldutasunaren eta “betiereko gaztaroaren” artean.
Ted hartza lizuna, lotsagabea, desatsegina, heldugabea eta samurra da. Baina Tedi horrek ez dio kezkatzen, izan ere, peluxezko hartz bat besterik ez da. Hartzari bere lagunarengandik banandu behar dela onartzea kostatzen zaio, ez da erraza izango.

8/8/12

'3:10 to Yuma' (2007) - Karismaz betetako westerna


Gaur egun western generoa nahiko ahaztuta dago zinema panoraman. Noizean behin, generoa berpizten saiatzen den pelikularen bat estreinatzen dute, baina ez dute publikoaren arreta gehiegi bereganatzen. Remake honetan, generoa berreskuratzen dute errespetu handiarekin; istorio on bat kontatzeaz aparte, generoaren kode klasikoenak ikusten ditugu pelikulan. ‘3:10 to Yuma’ pelikularen protagonistak ezin hobeak dira, nire ustez, Russell Crowe eta Christian Bale karisma handia duten aktoreak dira. Antzezpen-lehia erakargarria ikus dezakegu pelikulan, biek lan oso ona egiten dute.

Dan Evans (Christian Bale) baserritar xume bat da eta duen guztia galtzeko zorian dago. Gerran zauritu zuten, eta horren ondorioz hanka bat moztu behar izan zioten. Familiarekin bizi da arrantxo batean, eta ez du dituen zorrak ordaintzeko diru nahikoa. Batzuentzat gerra heroi bat da, beste batzuentzat galtzaile hutsa. Ben Wade (Russell Crowe) gaizkilea atxiloketaren berri duenean berehala boluntario aurkeztuko da, gaizkilea hirurak eta hamarreko trenera eramateko, Yumako kartzeleraino eramango duen trena.

5/8/12

'Prometheus' (2012) - Bizitzaren jatorria


(!) Oscar sariak 2013: Izendapen bat lortu du 'Prometheus' pelikulak: Ikusizko efektu onenak.

Elizabeth Shaw (Noomi Rapace) eta Charlie Hollowayk (Logan Marshall-Green) gehiago jakin nahi dute, Lurran bizitza egotearen zergatia, oro har, bizitzaren jatorria zein den jakin nahi dute. Egindako azken aurkikuntzaren ondoren, horien ustez bisita egiteko “gonpidapen”  bat dena onartzea erabakitzen dute. Gonbidapen hori kreazioaren ingeniarien eskutik omen dator, eta mendeetan zehar unibertsoaren beste muturretik bidalitakoa da. “Nor gara? Nondik gatoz?” galdera "dramatikoei" erantzun bat ematea izango da bidaiaren arrazoia.

Prometeok jainkoak desafiatu zituen gizakiei sua eman zienean eta gizakiak jainkoen berdinak balira bezala tratatzean. Prometheus espazio-ontziaren tripulazioak, ingeniariak, “jainkoak”, desafiatuko dituzte, teorian, bizitzaren sortzaileak direnei. Baliteke, lehen aipatutako galderek inoiz erantzun bat jasotzea, izan ere, “nor izan zen lehengo oiloa ala arrautza?” galderarekin gertatzen den bezala, buklea bilakatu daiteke. Galdera ugari eta erantzun gutxi, edo, agian, pertsonaiek onartu nahi ez duten erantzun bakarra dago.


3/8/12

Star System-a Hollywood klasikoan (V): sistemaren amaiera


Hollywoodek defendatutako star systema 50ko hamarkadan heldu zen amaierara. Garai hartan, estudio handien oligopolioa apurtu zen. Ordura arte, bost ziren egiten ziren pelikulen % 90 produzitzen zituzten ekoizpen etxeak.

Periodo horretan (1930-1950) estudio handiek aktoreengan zuten kontrola itzela zen, ia tiranikoa. Izarrek, ikono bihurtutako karakterizazio horiek, soilik produktuak ziren ekoizleentzat. Estudioak aktoreei nola ibili, nola jantzi, nola pentsatu eta nola hitz egin behar zuten esaten zieten. Batzuei izena aldatzera ere behartu zieten. Hori eta, Margarita Carmen Cansinos, Greta Lovisa, Archibald Leach edota Norma Jean izenak gutxitan entzun ditugun bitartean, Rita Haywoth, Greta Garbo, Cary Grant eta Marilyn Monroe izen artistikoak ezagunak dira mundu osoan zehar.

Hollywood klasikoa ametsen fabrika zen, baina baita ilusioena ere. Marilyn Monroe Star Systemaren funtzionamendua islatzen duen adibide hoberena da. Ekoizpen etxeen produktu gisa, Marilyn Monroek Hollywoodeko izar handi eta arrakastatsuenetako bat izan zen, betiereko ikonoa. Baina pertsona gisa, Norma Jeanek ez zuen Star Systema eta Studio Systemak eragindako presio mediatikoa jasan, ezta errutina jarraitu. Aktorearen bat-bateko heriotzak Hollywoodeko Studio Systemarekin amaitu zuen. Marilyn Monroe, Hollywoodeko “apurtutako jostailua” bihurtu zen.

Urteak pasa dira estudioek zuten menpekotasuna leundu zenetik, gaur egun, antzinako sistema desagertu dela diote batzuek, beste batzuek aldiz star systema guztiz inoiz ez dela desagertu defendatzen dute (batez ere aktore gazteen kasuan). Gauza bat nabaria da, emakume eta gizonen karakterizazioak gizartearekin batera eboluzionatu egin dutela. Baina, zein da gaur egun zinemak islatzen dituen karakterizazio eredu nagusiak? Hollywood klasikoak egindakoetatik oso urrun daude, ala uste dugun baino gertuago?

Star System-a Hollywood klasikoan (IV): Zine beltza


Figura maskulino eta femeninoen karakterizazioei dagokienez, eredu berriak ekarriko zituen sasi genero bat jaio zen: zine beltzaZine beltzak zine klasikoak aldarrikatzen duen heroi ahalguztiduna alde batera utzi eta heroi atsekabetu edo zauritu baten alde egiten zuen. Heroi mota hau, heroi klasikoa ez bezala, amorruaz gidatuta gauzatuko ditu ekintzak. Antiheroia da, gizon gogorrak, detektibeak, galtzaileak…. Izango dira nagusi: Humphrey Bogarten antzerakoak.

Emakumeei dagokienez aldaketa nabaria dago, femme fatale kontzeptua agertzen da lehen aldiz: emakume oso ederrak, manipulatzaileak, desira eta sexuaren isla, tentazioaren eredu.
Emakumeek zuten botereaz jabetzen dira orain, badakite nola biziraun gizarte matxista batean. Gizonaren gizontasun/boterea zalantzan jarriko du, ez da objektua, subjektua da. 

Helburuak ditu, eraginkorra da, borroka egiten du. Hala ere, amaieran zigortua izango da. Karakterizazio eredu hauek argi eta garbi antzematen ditugu Billy Wilderren Double Indemnity maisulanean.

Istorioaren protagonista Walter Neff da, heroi atsekabetua. Horren ekintzek gorrotoa, inbidia zein desira izango dute abiapuntu. Phyllis, pelikularen femme fatale-a da, kontrolatzailea, erdi zintzo erdi maltzurra, egoera kontrolpean duena.

Zine beltzean emakumea objektu izatetik subjektu izatera igaro zen bai, baina, gizonen eskutik zigorra jasotzen zuten. 40ko hamarkadan, zinearen narratibaren oinarrian, oraindik, matxismoa zegoen.

Star System-a Hollywood klasikoan (III): 30ko hamarkada, karakterizazio klasikoak

Adibide ugari daude, jarriko ditudanak ideia orokor bat eraikitzeko nahikoak direla uste dut. Zinema klasikoaren pelikula gehienetan gizonak hartzen du subjektuaren rola eta emakumeak objektuarena. Gizonezko protagonistek helburu zehatz bat izango dute, eta hori beteta, desira objektu bat jasoko dute trukean, emakumea. Beste era batean esanda, gizonezko protagonistak emakume protagonistarekin sexu harremanak izan nahi baditu, lehenago, narratiboki edo istorioan egin behar duen hori bete beharko du.
Honen harira, bi emakume eredu bereizten ziren zine klasikoan: batetik, “Maria”, bertutea, araztasuna… eta bestelako baloreen isla zen emakumea; bestetik, “Eva”, tentazioa (azkenean, “Eva” emakume eredua, “Maria”n bihurtuko da, gizarteak ezartzen dituen ‘estandarretara’ moldatuz).

Karakterizazio maskulino baten adibidea: Ringo Kid (Stagecoach, John Ford, 1939). Western klasikoen karakterizazioak subjektu-objektu bereizketaren eredu dira.

Filmaren protagonista John Wayne da, bere aitaren hiltzaileak bilatu eta hil nahi dituen heroia. Honen ondoan Dallas dugu, emagaldu bat. Ringok (Waynek) hiltzaileak akabatzen dituenean, Dallas-ekin geratuko da, objektuarekin, sariarekin. Emakumea elementu pasiboa da pelikula osoan zehar. Pelikula klasiko gehienek erakusten duten emakume eta gizonezkoen karakterizazio eredua islatzen du pelikulak.


 Karakterizazio femenino baten adibidea: Susan (Bringin’ up baby, Howard Hawks, 1938). Baziren arriskatzen zuten zenbait zuzendari, adibidez, Howard Hawks. Zuzendariak ‘Bringin’ up baby’ komedia aurrerakoia egin zuen. Horretan, emakumea ez da objektu hutsa izango. Katherine Hepburn aktoreak betidanik emakume independente eta sendoaren irudia izan du, eta hori da pelikulan ikusten duguna. Hepburnen pertsonaia pelikulan independentea da, sozialki, ekonomikoki eta sexualki. Pelikulan, gizonak eta emakumeak rolak aldatzen dituztela esan dezakegu. Literalki, emakumea da “prakak jantzita dituena” eta gizona menderatzen duena. Gainera, emakumearen jarrera aurrerakoia da, eginbeharraren gainetik, plazerra aldarrikatzen duelako.


Star System-a Hollywood klasikoan (II): Zertan datza?

Star system delakoa XX. mendearen hasieran sortu zen Hollywood-en. Ekoizpen etxeek publikoan zenbait aktoreengan zuten interesa aprobetxatzea erabaki zuten, aktoreak izar bihurtuz, desiragarri bihurtuz. 
Sistemaren sortzailea Adolph Zukor izan zen, Paramount-eko zuzendaria izango zena. Zukorrek antzerkian aritzen ziren zenbait aktore zinema izar bihurtzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Zerbaitek huts egiten zuen. Planteamenduan akats bat zegoela konturatu zen orduan, publikoak ez zituen antzerki aktore prestigiodunak pantaila handian ikusi nahi. Publikoak edo audientziak, aktore gazteak, xarmangarri eta dinamikoak ikusi nahi zituen pelikuletan. Hori dela eta, zinema estudio handiek izar gazteak kontratatzen zituzten, zazpi urteko kontratuak sinatzen zituzten helburu bakarrarekin: ikuslearen fideltasuna lortzea.

Estudioek aktoreak nonahi bilatzen zituzten: kalean, dendetan, tabernetan… Ezezagunak ziren pertsona horiek gero estudioaren “estandarretara” moldatuko zituzten: makillajea, estiloa, janzkera, ilea eta izena aldatuz. Oharkabean bizitzen zen emakume bat izar bihurtzen zuen star systemak. Adibidez, Jean Harlow aktorea:
Ezkerreko argazkian Jean Harlow gaztea ikusten dugu, eskuinekoan Hollywoodeko estudioen “estandarretara” moldatuta.

Star systemaren ezaugarri nagusietako bat, beraz, pelikulen protagonistak ziren. Aktoreak milioika jarraitzaileen idolo bihurtzea zen estudioen helburua, hau lortuta, aktore horren presentzia nahikoa izango zen pelikula bat arrakastatsua izateko. Sistemari esker, aktoreak publikoa edo masa kontrola zezaketen “txotxongilo” bihurtzen ziren, produktu hutsak.

Star systemaren barruan aktoreak desiragarriak izan behar ziren, hori dela eta, aktoreek zenbait bereizgarri fisiko eta moral izan behar zituzten, “jainkotiar” bihurtzeko idealizazio prozesuaren parte izateko. Ez zeuden heroi itsusi edo traketsik, ezin zuten polemikarik sortu, beti zuzen jokatu behar zuten. Aktore bat eskandalu baten parte bihurtzen bazen, kaleratzen zuten.

Nahiz eta 50ko hamarkadatik aurrera sistema leundu, 70 urte inguru egon da indarrean. Star Systemarekin batera rolak edo karakterizazio zehatzak agertu ziren lehen aldiz, bereizketa nabariak ezarriz emakume eta gizonen betebeharren artean.

Star Systema Hollywood klasikoan (I): Sarrera

Jean Luc Godardek, zinemagile frantsesak, eta Nouvelle Vague mugimenduaren sortzaileetako bat, zera esan zuen behin:

“Argazki batek errealitatea erakusten badu, zineak errealitatea erakusten du 24 fotograma-segunduko”

Zinema, errealitatea islatzeko tresna gisa erabili da askotan. Hori islatzeko generoa ez da elementu garrantzitsuena, hau da, ez du inporta fikzioa, musikala, western edota melodrama bat izan: genero guztiek balore batzuen alde egiten dute, estereotipo batzuen alde.

Pantaila handian ikusten ditugun estereotipo, edota karakterizazioak, gizartean une horretan errotuta dauden baloreen isla dira, horregatik, karakterizazioen ezaugarriak moldatzen joango dira gizartea aldatzen doan heinean.

Zinemak betidanik “eraiki” ditu heroiak, audientziaren identifikazioa bilatzen duten heroiak, eta balore zehatz batzuen alde egiten dutenak. Hala ere, heroi horiek aztertzean, desberdintasunak aurkitzen ditugu heroi femenino eta maskulinoen artean. Karakterizazio maskulino eta femeninoak lor zezaketen influentzia maila hobeto ulertzeko, zinemaren hastapenetara jo behar dugu: Hollywoodeko Star System-era, 1930-1950 bitarteko tartean oinarrituz.

Hurrengo sarrera multzoak Hollywood klasikoaren heroi maskulino eta femeninoen zenbait karakterizazio aztertuko ditu.


1/8/12

'Across the universe' (2007) - Marrubiak eta The Beatles

 ‘Hair’ eta ‘Moulin Rouge’ musikalak nahastuko bagenitu, ‘Across the universe’ pelikulatik hurbil egongo litzatekeen zerbait lortuko genuke, oso gustoko dudan musikala. Arrazoi nagusia: The Beatlesen abestietan oinarrituta dagoela (guztira 32 abesti agertzen dira pelikulan), eta gainera, Liverpooleko taldeari eta garaiko musikari egindako erreferentziaz beteta dago.

Jude (Hey Jude) AEBetara aita ezagutzeko intentzioarekin eta bisa gabe bidaiatzen duen Liverpooleko gaztea da. Bidaian Judek Max (Maxwell’s silver hammer) ezagutuko du. Bizitza eroso bat daraman gizarte maila ertain-altuko gaztea. Maxek ez du gizarteak inposatutako arauen menpe bizi nahi eta unibertsitatea utziko du. Behin ikasketak alde batera utzita, Vietnameko gerrara derrigortuta eramango dute. Maxek Jude-i arreba aurkeztuko dio, Lucy (Lucy in the sky with diamonds). Judek Lucy ikustean berehala maiteminduko da. Musikalaren istorioa ez da bestelako gauza, amaiera erraz aurreikus daiteke, hala ere, ez dut uste pelikulak maisu lan bat izateko nahia duenik. Istorio polit bat da, eta kitto.

jim-sturgess-jude-across-the-universe

Iraultza, maitasuna, laguntasuna, artea, askatasuna edota Vietnameko Gerraren aurkako mugimenduak dira pelikulak nabarmentzen dituen kontzeptuetako batzuk, eta The Beatles taldearen abestien bidez islatzen ditu kontzeptu horiek.

‘The Beatles’ taldearen diskografiaren antzera, pelikula bi ataletan banatuta dago: lehenengoan ‘Beatlemania’ garairi dagozkion abestiak daude (I want to hold your hand, All my loving edo I’ve just seen a face); eta bigarrenean taldearen heldutasun artistikoari dagozkionak, konplexu, kritiko eta politikoagoak diren abestiak (Strawberry fields forever edo Revolution).

Horretaz aparte, pelikula Liverpooleko taldeari eta, oro har, rock musikari egindako erreferentziaz beteta dago. Taldearen abesti batzuk agertu ez arren, presente daude, adibidez Get Back abestia eta zabaltza. Baita, zenbait aktoreen izenek eta jarrerek 60ko hamarkadari egiten diote erreferentzia. Adibidez, Sadieren pertsonaia (Sexy Sadie) Janis Joplinen izaera du, eta Jojo gitarra jolea (Get Back), Jimi Hendrixen inspiratuta dago.

Erreferentzia artistikoak aurkitzen ditugu ere, adibidez, Juden pertsonaiak diskoetxe baterako logo bat marraztu behar du. Inspirazioaren bila, hasieran sagar baten irudia marrazten saiatzen da (Apple Recordsen logoa, The Beatles taldearen zigilu diskografikoa), baina amaieran marrubi batengatik aldatzen du, narrazioari dagokionez, marrubiak joko gehiago ematen duelako.


joe-anderson-max-across-the-universe-the-beatles

Julie Taymor da zuzendaria. Zenbait pelikula zuzentzeaz aparte, The Lion King musikalaren zuzendaria da. Pelikulan zehar antzerkiaren influentzia nabari dezakegu, batez ere, zenbait eszenen planteamendu, koreografia eta atrezzo elementuetan. Adibidez, I want you (She’s so heavy) edo Happiness is a warm gun abestietan. Horietan eszenatokien antolamendua antzerki-eszenografia baten parekoak dira, zoruak eta hormak mugitzen eta moldatzen doaz eszena edo ekintza gertatu bitartean.

Pelikulak badu ere une “psikodeliko” bat, nire ustez, pelikulak duen akats bakarra. Une psikodeliko hori gustatzen zait, bai, baina narrazioa eteten du. Istorioan galdutako une bat da, “LSD unea” izena jarriko diogu. Estetikoki itzela, baina narratiboki luze zamarra. Parentesi narratibo honen barruan hiru abesti daude: I am the Walrus, Being forthe Benefit of Mr. Kite eta Because.

Esan bezala, ‘Across the universe’ gustuko dudan pelikula da; duen estetikagatik, pertsonaiengatik eta, noski, abestiengatik. Pelikulan agertzen diren abesti guztien artean, Strawberry Fields forever da nire faboritoa zenbait arrazoiengatik: marrubien erabilpenagatik, Lennonek idatzitako abestia bikaina iruditzen zaidalako (nahiz eta eszenan esanahi berri bat eman jatorrizkoarekin konparatuz), eta une horretan pertsonaiek sentitzen duten beldur eta nahasmenaz aparte, pelikularen estiloa definitzen duen eszenaren parte delako.