‘The perks of being a wallflower’ sorpresa atsegina izan da. Izugarri gustatu zait eta espero nuen baino gehiago hunkitu nau pelikulak. Erraza da istorioarekin konektatzea, eta pertsonaiekin une batean ala bestean identifikatzea. Pelikularen soinu banda itzelak aipamen berezi bat merezi du. Batzuentzat beste “teen movie” bat izan daiteke, baina drama hau berezia iruditu zait. Askorentzat pelikulak “kultu pelikula” bihurtzeko potentziala du.
Charlie (Logan Lerman) pelikularen protagonista da. Gazte lotsati, barnerakoia, bakartia… “marjinatu” bat. Ingurukoen zoriontasuna bere zoriontasun propioaren aurrean jartzen du Charliek. Bere lagun minaren suizidioaren ondoren, Charlie deprimitu eta gaixotu zen. Baina bere gaixotasunaren jatorrian, beste zerbait dago.
Charliek gutunak idazten ditu, ez dakigu zehazki nori zuzenduta dauden, baina bere sentimenduak “askatzeko” modu bat da. Orain bakarrik dago, zerotik hasi behar da. Ikasturte berria bere identitatea definitzeko eta iraganeko mina gainditzeko une aproposa da. Charliek Sam (Emma Watson) eta Patrick (Erza Miller) ezagutuko ditu institutuan, azken urteko bi ikasle. Samek eta Patrickek “moldatu gabeko pertsonen” taldearen kide izatera gustura gonbidatuko dute.