Laura Hunt (Gene Tierney) bere apartamentuan hilda
aurkitu dute, froga guztiek aditzera ematen dutenez hilketa bat izan da. Orain,
Mark McPherson (Dana Andrews) detektibeak du hiltzailea aurkitzeko ardura. Hilketaren
arrazoiak zeintzuk izan ziren ikertu behar ditu McPhersonek, horretarako Lauraren
ezagunak eta errudun posibleak ikertuko ditu. Lauraren ezagunek egindako
adierazpenen bitartez, biktimaren erretratua eraikitzen hasiko da eta ia konturatu gabe, McPherson “Lauraren mamuak” sortzen dion desiraz harrapatuta
geratzen da.
‘Laura’ Otto Premingerrek zuzendu zuen. Zuzendariak zine
beltzaren narratiba hartzen du oinarri gisa, baina melodrama, misterioa eta
intriga gaineratzen dizkio emaitza bitxia lortuz. Ispiluak, itzalak,
erretratuak, desleialtasunak, desira, misterioa, hilketak, off ahots apur bat,
ideia batez maitemindutako detektibea, desengainua… Otto Premingerren ‘Laura’
pelikulak generoaren ohiko elementu nahikoak biltzen ditu, eta horiek istorioaz
gozatzeko nahikoak dira.