1/7/12

'Tinker, Tailor, Soldier, Spy' (2011) - Galdaragile, Jostun, Soldadu, Espioi

70ko hamarkada. Gerra Hotza. Hungariako misio batean huts egin ondoren, Britainia Handiko zerbitzu sekretuaren zuzendaritzan zenbait aldaketa egingo dituzte. Eskarmentu handiko hainbat agente kaleratuko dituzte, horien artean, George Smiley (Gary Oldman). Baina Smileyk azken bete behar bat izango du, azken misio bat. Zerbitzu sekretuan infiltratuta dagoen 'satorra' aurkitu behar du.



'Tinker, tailor, soldier, spy' intrigaz betetako pelikula da, nahasia, baina ikuslearen arreta bereganatzen duena. Istorioa sentimenduen aldetik nahiko hotza da, espioiek hotzak izan behar dutelako. Izan ere, maitasuna da espioien ahulezia. Pelikulak britainiar aktore-talde bikaina du. Pelikulak traidore baten bilaketa du oinarritzat, sator baten bilaketa. Honek etsaiei eman dien informazioa ez da garrantzitsua, ordea, traizio bera bai. Leialtasun eza.

Teorian, guztiek talde berdin baten kide dira, guztiek helburu berdinaren alde borrokatzen dute; praktikan, aldiz, beti dago duena baino gehiago merezi duela pentsatzen duen norbait. Guztiek inguruan dutena zaintzen dute. Kalkulatzaileak dira.

George Smileyk (Gary Oldmanek) 'satorra' aurkitzeko misioa du. Smileyk, ikusleari behin baino gehiagotan bizkarra ematen dionak, aurrean dituen elementuak kontu handiz behatu behar ditu. Gatazkaren piezak nork mugitzen dituen aurkitu behar du, traizioaren hariak mugitzen ari den satorra aurkitu behar du. Horregatik, hasieran apur bat arraroa iruditu zaidan optikaren eszena edo unea, satorraren bilaketa hasi aurretik ikusten duguna, orain erabaki zuzena eta esanahi sinbolikoa izan dezakeela pentsatzen dut. Hau da, Oldmanen pertsonaiak inguruan duena hobeto behatu behar du, zehaztasun handiz, xehetasun txikiena kontuan hartuz, mugimendu guztiez jabetuz, bere ikusmena "hobetu" behar du. Horregatik, pelikularen zuzendariak garrantzia ematen die hutsalak diruditen plano batzuei.

Pelikulak ez du atsedenik ematen, bi orduz gure arreta bereganatzen du. Muntai bizkorra du, behin baino gehiagotan gatazkan galarazi nauena. Hasieratik planteatzen duen flashback dinamikan sartzea ez da erraza eta hasierako minutuetan zenbait gertakari arinegi gertatzen direla pentsatzen dut. Nire ustez, ikuslea puzzlea osatzen hasten da Ricki Tarr (Tom Hardy) pertsonaia agertzen den unetik aurrera.

Pelikula nahasia baina ona, intrigaz betea, Hitchcocken lanari erreferentzia esplizitua egiten diona. 'Tinker Tailor Soldier Spy' pelikula pieza ugari dituen intriga-puzzlea dugu. Gomendagarria.

Azpitituluak euskaraz: 'Tinker Tailor Soldier Spy'


24/6/12

'Once' (2006) - Musikarekiko maitasuna

'Once' ikusi nuenean pelikulaz maitemindu nintzen. Handinahirik gabeko istorio bat, bi protagonisten bizitzen une zehatz bat erakusteko helburua duena. Gutxitan aurkitzen den bitxi txiki bat dugu 'Once'.


Glen Hansard eta Markéta Irgová dira pelikularen protagonistak eta soinu bandaren egileak. Gizonak bere aitarekin xurgatzaileak konpontzen lan egiten du eta aisialdian gitarra hartu eta kalean musika jotzen du diru-estra apur bat lortzeko helburuarekin. Emakumeak, Dublineko kaleetatik arrosak saltzen ditu. Biek bultzada bat behar dute, barruan gordeta duten hori askatzeko ihesbide bat. Aurrera egin behar dute. Apurtutako instrumentuak dira. Konpainiaren beharra dute.

Biek maitasun indartsu bat partekatzen dute, musikarekiko maitasuna. Musika da pelikularen oinarrizko zutabea, protagonisten ihesbidea. Abestien letretan horien sentimenduak, istorioak, iragana edota falta botatzen duten hori islatuta egongo dira.

'Once' pelikularen abestiek eta protagonistek musikarekiko erakusten duten pasioak hasieratik harrapatzen naute beti. Fikzioa izan arren, pelikula dokumental formatutik hurbil dago. Pelikula honen soinu banda nere bizitzaren parte bilakatu da. Proiektu txiki bat izateko asmoarekin jaio zen pelikula honek 2007an Oscar sari bat jaso zuen, 'Falling Slowly' abesti hunkigarriagatik. 'Once' indarrez betetako abestiez inguratuta dagoen bizitza zati bat dugu.



'The Swell Season' (2011) - Erlazio baten amaieraren kronika



Abesti onenaren Oscar saria irabazi eta bost urte geroago, bikotekideak bizitako esperientziaren inguruan dokumental bat grabatu zuen: 'The Swell Season'. Egun batetik bestera, bai Glen bai Marketa ezezagunak izatetik arrakasta nabarmena izatera igaro ziren. Bat-bateko arrakasta horrek euren erlazioan eragina izan zuen. Ametsetako ipuina amaierara heldu zen.

Zuri beltzean grabatuta eta, nola ez, biek konposatutako abestiez lagunduta, 'The Swell Season' dokumental interesgarria da, amesten zuten guztia lortu zuen bikotekide baten bidaia. Glen eta Marketaren ametsa bete egin zen, baina "garesti" ordaindu zuten. Musikarekiko pasioa mantentzen da, abesti bakoitzak barruan gordetzen dituzten sentimendu guztien isla dira, eta abestien letrek banaketa baten kronika agerian uzten dute. Glenek abesterako orduan jartzen duen pasioak eta Marketak abesterakoan igortzen duen gozotasun eta xumetasunak dokumentala hunkigarritasunez betetzen dute. Gomendagarria.

17/6/12

'Moonrise Kingdom' (2012) - Maitasuna hori kolorekoa da



(!) Oscar sariak 2013: Izendapen bat lortu du 'Moonrise Kingdom' pelikulak: Gidoi original onena

Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

1965.urtean kokatzen da istorioa. Sam eta Suzy maiteminduta dauden nerabeak dira. Bakartiak eta bitxiak, inguruan duten guztia alde batera uztea erabakitzen dute euren "erreinu" propiora ihes egiteko, euren Moonrise Kingdomera alde egiteko. Wes Anderson irudimen handiko zinema zuzendaria dugu. Bere estiloa nahiko definituta dago, pelikula desberdin, original eta koloretsuak zuzendu ohi ditu. Moonrise Kingdom-en Sam eta Suzyrekin batera ordu eta erdiko ihesaldi batean murgiltzen gara.

Sam umezurtza da. "El diluvio de Noé" antzezlanean Suzy ezagutu zuen. Bikoteak urte luze bat eman zuen elkarri gutunak idazten, euren ihes plana antolatu zuten arte. Sam eta Suzyk ihes egingo dute, euren erreinuaren bila. Kontakizun magikoentzat eta maitasunarentzat soilik tokia dagoen erreinu horren bila. Zuzendariak lehenengo maitasunaren inozentzia eta araztasuna erakusten digu pelikulan. Bi gazte ausartak, tokirik aurkitzen ez duten inguru batetik ihesean. Errebeldeak. Bizitzeko gogo ikaragarriak dituzten bi gazte dira pelikularen protagonista.

Wes Andersonen pelikulan agertzen diren helduak aldiz, nerabe protagonistak baino heldugabeagoak dirudite. Magia edota "txispa" galdu dutela dirudi, eguneroko errutinaren erosotasunera ohitu baitira. Sam eta Suzyren eskutik lezio bat jasoko duten helduak dira.


Zuzendari honen pelikuletan koloreak tratamendu berezia duela nabaritzen dugu. Moonrise Kingdom pelikula koloretsua da, bizitzaz betetako pelikula da. Kolore guztien artean horia da nagusitzen dena. Kolore saturazio honek pelikulari ukitu magiko bat gaineratzen dio (beste pelikula bat saturazioaren adibide gisa jarriz, Jean-Pierre Jeunet zuzendari frantsesaren Amelie pelikulan kolore saturazioa ere nabarmena da).

Zuzendariak errutina, sinesgaitza den horrekin nahasten du era eraginkorrean. Oro har, Moonrise Kingdom proposamen desberdin eta originala da. Magiko eta gomendagarria, nerabe ameslarien arteko maitasun istorio bat.