11/3/13

'Blancanieves' (2012) - Betiko istorio bera?



2012an bai telebista bai zinema Grimm anaiek sortutako pertsonaietako bati ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatu ziren: Edurnezuriri. Guztira printzesa borrokalariaren inguruan hiru pelikula eta telesail bat estreinatu zituzten. Pasadan urtean estreinatutako hiru moldaketa zinematografikoen artean Pablo Bergerrek zuzendutakoa dugu erakargarriena eta interesgarriena.

Edurnezuriren istorioa denok ezagutzen dugu, Pablo Bergerek luze pentsatu eta landu ondoren, istorioa zine mutu baten bidez erakustea erabaki zuen. Zinemaren hastapenei egindako omenaldia dugu hau. ‘Blancanieves’ estreinatu baino urte bat lehenago, beste pelikula mutu batek munduaren arreta deitu zuen, ‘The Artist’ (sari guztiak bereganatu zituen pelikulak). Estreinu horrek agian “sorpresa efektu” apur bat kendu dio Bergerren pelikulari; baina hori da partekatzen duten gauza bakarra, formatua. Pablo Bergerren pelikulak ikuslearen arreta deitzea lortzen du, bai eduki bai forman.

6/3/13

'The Fortune Cookie' (1966) - Jokaldi perfektua?

jack-lemmon-walter-matthau-billy-wilder

Gezurra, iruzurra, moralitate bikoitza... Willie Gingrich (Walter Matthau) zikin jokatu ohi duen abokatua da. Koinatuak futbol partidu batean kolpe bat jaso duela ikusita, aseguru etxeari iruzur egiteko plan bikain bat bururatzen zaio; eta egoera aprobetxatuta, ahalik eta indemnizazio altuena lortzen saiatuko da. Esan bezala, koinatua dugu iruzur horren biktima: Harry Hinkle (Jack Lemmon). CBS telebista katean lan egiten duen kamera gizon bat da Hinkle. Kolpea jaso ondoren ospitalera eramango dute. Lesio txiki bat baino ez du, baina Gingrichek lesioa "puzteko" eskatuko dio. Gingrichen esanetan, bere helburua Hinkle gaixoa zorioneko gizon bat izatea baino ez da. Benetako arrazoia? Interes ekonomiko hutsa.


3/3/13

'This is 40' (2012) - 40 urteko krisia


Apatow "familia" berriz bildu da 'This is 40' komedian, 'Knocked up' pelikularen spin-offean. Kasu honetan, Pete (Paul Rudd) eta Debbie (Leslie Mann) dira pelikularen protagonistak. Urteak daramatzate ezkonduta eta orain biek 40 urte beteko dituzte. Hori bai, krisi ospetsu horri aurre egiteko jarrera desberdinak erakusten dituzte. Debbiek "adin madarikatu" hori onartzen ez duen bitartean, Pete-i ez zaio gehiegi axola, bizitzan beste lehentasun batzuk dituelako. Pete diskoetxe baten jabea da, arazo ekonomikoak ditu irabazi nahikoak lortzen ez dituelako. Petek emazteari ez dio porrot horren berri emango, emaztea desengainatu nahi ez duelako.

40 urte betetzea inflexio puntu bat izango da bientzat: ordura arte lortutakoa aztertzeko unea izango da, eta hortik aurrera lortu behar eta lortu nahi duten hori zehazteko unea. Errutina zentsurik gabeko eztabaiden pizgarria izango da, bestea liluratzeko gaitasuna desagertu dela dirudi, nekatuta daude... Badirudi gauzak aldatzen saiatzeko unea heldu dela. Guzti hori egunerokotasuneko ekintzetan oinarrituta eta egoerak pixka bat puztuz erakusten du zuzendariak, protagonisten kezkak eta zalantzak edozein gizaki izan ditzakegunak direla erakusten digu Apatowk. Protagonistak egoera berrietara moldatu beharko dira, arazo berriei aurre egin beharko dizkiete. Heldua izateko unea eta denboraren igarotzea onartzeko unea heldu zaie.