26/3/13

'I Girasoli' (1970) - Maitasuna eta gerra


Pelikula batek maitasuna eta gerra nahasten dituenean, kasu honetan bezala, drama ziurtatuta dugula badakigu. ‘I Girasoli’ Vittorio De Sicak zuzendutako drama bat da. De Sica neorrealismo italiarraren zuzendari garrantzitsuenetako bat izan zen, 40ko hamarkadaren erdialdea izan zen mugimenduaren une arrakastatsuena.

Vittorio De Sicaren helburua ikuslea hunkitzea zen, eta horretarako errealitate miserable bat erakusten zuen bere pelikuletan. ‘I Girasoli’ pelikulan gerrak maitasun istorio batengan izan ditzakeen ondorioak ikusten ditugu. Pelikularen protagonistak Giovanna (Sophia Loren) eta Antonio (Marcello Mastroianni) dira. ‘I Girasoli’ Sophia Lorenek eta Marcello Mastroiannik De Sicarekin egindako hirugarren lana izan zen (horren aurretik ‘Matrimonio all’italiana’ (1963) eta ‘Ieri, oggi e domani’ (1964) pelikuletan parte hartu zuten).

21/3/13

'In the name of the father' (1993) - Justizia ez da beti bidezkoa


'In the name of the father' 90ko hamarkadaren pelikula onenetako bat dela uste dut. Benetako gertaerak hartzen ditu oinarritzat Jim Sheridanen pelikulak. Istorioaren abiapuntua IRAk Londresen egindako atentu bat da. 

Atentatua eta Belfasten izandako zenbait istilu direla eta, Britainako poliziak errudun bat aurkitu beharko du lehen bai lehen. Poliziaren ustez, beldurra ezin daiteke herrian zehar zabaldu eta hori ekiditeko errundun bat topatzea ezinbestekoa da (benetako erruduna izan ala ez). Poliziak bere eraginkortasuna agerian utzi nahi du. "Guildfordeko Lauak" izenarekin ezagututako pertsonetako bat dugu Gerry, pelikularen protagonista. Gerry eta beste hiru "hippie" errugaberi IRAk egindako bonba erasoaren egiletza leporatu zieten. "Guildfordeko Lauak", mehatxupean, atentatuaren egileak izan zirela aitortzen zuten adierazpen batzuk sinatu behar izan zituzten. 


17/3/13

'Your sister's sister' (2011) - Arazoei aurre egin behar diegu


Okertzen ez banaiz, behin baino gehiagotan aipatu dut komedia erromantiko-dramatiko "independenteak" gustuko ditudala, hona hemen beste adibide bat: 'Your sister's sister'. Kamera bat, aktore talde on bat eta proiektu sinple bat nahikoak dira emaitza interesgarri bat lortzeko.

Jada urte bat igaro da Jacken (Mark Duplass) anaia hil zenetik, hala ere Jackek oraindik ez du galera gainditu. Bere lagun minaren egoera ikusita, Irisek (Emily Blunt) etxola baten giltzak ematen dizkio Jacki, bertara bakardadean egun batzuk igarotzera joan dadin. Etxolara ailegatzerakoan Jack ezusteko sorpresa batekin topatzen da, bertan Hannah (Rosemarie DeWitt) dago, Irisen ahizpa. Hannahk erlazio batetik atera berri da eta etxolaraino hurbildu da, deskonektatzera. Iris bertara heltzen denean, dena korapilatzen da.