Superheroien
pelikulak jada ez dira bigarren mailako genero bat, gaur egun publikoaren
arreta deitu eta dirutza ikaragarria biltzen duten pelikulak dira. Batman,
Spiderman, Ironman, The Avengers, X-Men… komikien azken moldaketa
zinematografikoekin hori gertatu da, publikoaren interesa pizten jarraitzen
dute, eta eskaria baldin badago, superheroien pelikulek zinema-aretoak betetzen
jarraituko dituzte. Hori guztia kontuan hartuta, normala da superheroi ikoniko
honen itzulera. ‘Man of steel’ pelikulak osagai guztiak ditu epikoa izateko:
Zack Snyder, Christopher Nolan, aktore talde ezin hobea, Zimmer soinu bandaren
kargu… Ongi nahastuz gero, arrakasta ziurtatuta. Baina, nire ustez, zerbaitek
huts egin du. Beste estreinaldi handi batzuekin gertatu den bezala (‘Prometheus’ekin
adibidez), publizitate kanpaina erraldoi eta bikainak amaierako produktuaren
kontra egin du.
‘Man of steel’ pelikula
ikusita zenbait gauza gustatu zaizkidala esan behar dut, pelikularen aspektu “pertsonalarekin”
erlazioa dutenak. Baina badira gustatu ez zaizkidan beste zenbait, adibidez
akzio eszenen garapena pelikularen amaierako zatian (errepikakorrak, luzeak eta
berrikuntza gutxikoak).