10/7/13

'Top Hat' (1935) - Fred Astaire eta Ginger Rogersen dotorezia


Filma musikalei buruz hitz egiten dugunean, konkretuki Hollywoodeko urrezko aroan ekoiztutako horien inguruan (1930-1950 bitartean egindakoak, gutxi gora behera), bada berehala burura etortzen zaigun bikote bat: Fred Astaire eta Ginger Rogers.

Fred Astaire ez zen aktore ala dantzari atletikoena, Ginger Rogers ez zen abeslari onena… baina batera tandem perfektua osatzen zuten. Pantaila handian konplize izateaz aparte, karismaz betetako dantzariak ziren. Dotoreak, klasedunak, estilosoak, pikardia apur bat zuten ere… baina guzti horren gainetik, Fred Astaire eta Ginger Rogersek kimika ikaragarria zuten. Bikotea dantzatzen ikustean primeran pasatzen dugu, nolabait, liluratuta gelditzen gara pantaila aurrean. Xarma berezia zuten.

4/7/13

'Before midnight' (2013) - Jesse eta Célineren trilogiaren amaiera


Jesse eta Céline elkar ezagutu ziren egun hartatik jada hamazortzi urte igaro dira. Ze azkar igarotzen den denbora… Jesse eta Céline dira maitasuna, erlazioak, oro har, bizitzaren nondik norakoak oinarritzat hartzen duen trilogia bikain honen protagonista bakarrak. Richard Linklater dugu hiru pelikulen zuzendaria, eta Ethan Hawke eta Julie Delpy pantaila handia konplizitate eta kimikaz betetzen duten bi aktore protagonistak (euren lana oso ona da). Hawke eta Delpy proiektuan guztiz inplikatu ziren eta bigarren eta hirugarren pelikula honen gidoian parte hartu dute.

‘Before midnight’ pelikularen xarma hobeto ulertzeko eta baloratzeko ezinbestekoa da aurreko bi pelikulak ikusita izatea. Hori dela eta, trilogiaren azken atala baloratzen hasi aurretik, ‘Before sunrise’ eta ‘Before sunset’ pelikulen laburpen txiki bat egitea merezi duela uste dut. Hiru pelikulen egitura, oinarrian, parekoa da: protagonisten arteko etengabeko elkarrizketak eta iraupen luzeko plano finkoak; baina maitasun eta erlazioen inguruan ematen diguten ikuspegia ez da berdina. Beraz, sentitzen dut, baina kritika honek trilogiari buruzko spoilerrak ditu.

30/6/13

'An affair to remember' (1957) - Maitasun istorio ahaztezina


 Erlazionatutako edukia: Leo McCarey - 'Duck Soup' (1933)

Leo McCareyk Cary Grant eta Deborah Kerr aktore karismadunak zuzendu zituen ‘An affair to remember’ drama erromantikoan. Pelikula, Leo McCareyk berak 1939an zuzendutako ‘Love affair’ pelikularen moldaketa da (Irenne Dunne eta Charles Boyer izan ziren orduan pelikularen protagonistak).

Alde batetik Nickie Ferrante (Cary Grant) dugu, bere musaren bila dabilen ospe gabeko margolari bat. Ferrante playboy harroputz bat da, ego handia duena. Ferrantek neska-laguna du. Bestetik Terry McKay (Deborah Kerr) dugu, klub batean lan egiten duen abeslari arrunt bat. Nickieren antzera, Terryk bikotekidea du. Nickie eta Terryren arteko erakarpena euren begiradek bat egiten duten une berean sortzen da.