14/10/13

'Prisoners' (2013)


Muga zeharkatu ala ez


‘Prisoners’ Denis Villeneuvek zuzendutako thriller da, nahiko ona. Pelikulak ez du promozio gehiegi eduki, urteko azken txanpa honetan “pelikula handien” estreinaldi asko egoten dira, Oscar sarietara begira noski; baina ‘Prisioners’ ez zen zerrenda horietan zegoen pelikuletako bat. Gaur arte. Pelikula gustatu zait, eta hasieratik amaierara arte harrapatu nau.

Bi senar-emazte afaltzeko bildu dira: anekdotak, musika, abestiak… Dena zoragarria dirudi, zoriontasuna nonahi. Gurasoak hizketan dauden bitartean, bikotekideen alabak galdutako txilibitu baten bila doaz. Neskek denbora gehiegi eman dute kanpoan, eta gurasoak kezkatzen hasita daude. Desagertu egin dira. Berehala alaben desagerpena salatuko dute. Loki detektibea (Jake Gyllenhaal) izango da ikerketaren arduraduna.
Pixkanaka, pelikulak dramari eskaintzen dizkion lehen minutuak intrigaz betetako thriller batean bilakatzen doaz, ikuslea guztiz harrapatuz. ‘Prisioners’ konponbide zaila duen labirinto bat aurkezten digu, non akats bakoitzak berriro ikerketaren hasiera eramaten gaituen.

12/10/13

'Lawrence of Arabia' (1962)


T.E. Lawrence ofizialaren eboluzioa


Ondorengo kritikak spoilerrak ditu.

‘Lawrence of Arabia’ pelikulari buruz hitz egiten dugunean, burura etortzen zaigun lehen gauzetako bat bere iraupena da, pelikulak ia lau orduko iraupena baitu. Hori bai, lau ordu horiek (irekiera eta atseden musikalak barne) ez zaizkit astunegiak iruditu, produkzio zinematografiko itzela delako.

David Lean britainiarrak zuzendu zuzen produkzio mardul hau. Pelikulak Thomas Edward Lawrence (Pter O’Toole) ofizial britainiarraren bizitzaren atal bat erakusten du; gidoia “Los siete pilares de la sabiduria” memoria liburuan oinarrituta dago. Ez dakit zenbatekoa den liburuarekiko fideltasuna, sarean irakurri dudanaren arabera Lawrencen izaera pelikulan ageri dena baino barnerakoiagoa zen, baina beno. David Leanek mito bat sortuko du, eta ez hori bakarrik, horren atzean izkutatzen den pertsona aurkeztuko digu ere.

6/10/13

'Gravity' (2013)


Dena galdutzat eman ala borrokatzen jarraitu?


Tentsioa, suspensea, emozioa… hori guztia topa dezakegu ‘Gravity’ pelikulan, 3D formatuan ikustea merezi duen azken esperientzia zinematografikoa. Alfonso Cuaron zuzendari mexikarraren azken pelikula hipnotikoa da zenbait aspektutan. Istorioaren sinpletasunak, era txukun eta berritzaile batean grabatutakoa, hasieratik harrapatzen zaitu.

Ryan Stone doktorea (Sandra Bullock) eta Matt Kowalsky astronauta (George Clooney) istripu larri baten biktima izango dira. Satelite baten suntsiketa dela eta, hondakin ugari solte geratu dira, espazio zabalean sakabanatuta. Abiadura handiz mugitzen diren hondakin horiek protagonisten kontra talka egingo dute. Dena guztiz suntsituta geldituko da. Talka dela eta, NASArekin komunikazioa galdu dute. Bakarrik daude, ezerezean galduta.