Rol aldaketa
Erlazionatutako edukia: Billy Wilder - monografikoa
Billy Wilderren filmografiarekin jarraituz, zuzendariaren
beste komedietako bat aztertuko dugu: ‘Kiss
me, stupid’, baliteke komedia oso ezaguna ez izatea, baina ikustaldi bat
merezi du. Erritmo bikaina duen pelikula da, entretenigarria da. Gag komikoak
bata bestearen atzetik azaltzen dira, atsedenik eman gabe. Pelikularen
protagonistak muturrekoak dira, karikaturatik
gertu daudela esan dezakegu arazorik gabe. ‘Kiss me, stupid’ Billy Wilder eta I.A.L Diamond gidoilariaren
arteko kolaborazio bat da, eta hori komedia egiteko eran antzeman dezakegu:
landutako gidoia eta erritmoa izango
dira elementu garrantzitsuenak.
Orville (Ray
Walston) piano irakasle bat da, arrakastarik
gabeko gizona. Emaztea, Zelda (Felicia Farr), Climax herriko emakumeen
artean ederrena da. Orville eguna ematen du piano klaseak eta bere adiskide Barneyrekin (Cliff Osmond) batera
abestiak konposatzen. Barney herriko gasolindegiaren arduraduna da. Amets
berbera dute biek: eurek konposatutako
abesti bat saltzea, eta horri esker arrakasta itzela lortzea. Hamarnaka
gutun bidali dizkiete abeslari ospetsuei, baina ez dute inoiz erantzunik jaso.
Egun batean, kasualitatez, Dean Martin bera
gasolindegian geldituko da autoaren depositua betetzera.