23/4/12

'The kids are allright' (2010) - Amerikar familia atipiko baten erretratua

Amerikar familia atipiko baten eguneroko bizitza erakusten duen filma dugu hau. Nic (Annette Bening) eta Jules (Julianne Moore) 10 urte baino gehiago daramatzate elkar bizitzen. Bi seme-alaba dituzte, Laser eta Joni, 15 eta 18 urte dituztenak hurrenez hurren. Hauek intseminazio artifizialaren bidez jaio ziren. Nic eta Jules ez dute inoiz hauen aita biologikoaren berri jakiteko interesik izan; aldiz, Laser eta Jonik bai. Biek hauen aitaren biologikoaren bila joko dute, hau ezagutu nahi dutelako, erraz topo egingo dute berarekin. Harreman paternal berri honek euren errutina idilikoa apurtaraziko du.

Paul (Mark Ruffalo) gizon lasai bat da, kezka handirik gabe zein konpromisorik gabe bizi dena. Baina dena aldatuko da Laser eta Joni ezagutzen dituenean. Paulek elkar ulertze ona eta harreman atseginaz jabetzen denean, deskubritu berri duen familia horren parte izan nahi duela erabakitzen du. Erabaki hau eragin desberdina izango du Jules eta Nic-engan. Paulek Jules preziatu sentiarazten du. Aldiz, Nic-ek inguratzen dion oro galtzeearen beldur da, hau da, ez du nahi Paulen presentziak urtez urte eraikitako "eskema familiar idiliko" hori apurtzea.


Komedia dramatiko desberdina, "indie" genero kutsu bat eta aktore talde ezinhobea duena. Annette Beningek egindako lana da pelikularen elementurik aipagarriena, baditu indartsuak diren pare bat eszena dramatiko, lan ona. Julianne Moore bere rola ondo betetzen du, eta bi seme alabak, Josh Hutcherson eta Mia Wasikowska, aktore belaunaldi berri baten parte izateaz aparte, ondo betetzen dute euren rol sekundarioak. Istorio atsegina, hurbila, baina pixka bat gain baloratuta dagoena.

21/4/12

'The Hunger Games' (2012) - Sugarrak piztuko dituzten lehen txinpartak

12 distritu. 24 tributu. Garaile bakarra. Urtero bezala Kapitolioak "Gosearen jolasak" antolatzen ditu, bizirautea helburu duen reality show antzeko bat. Panem-go distritu bakoitzak bi ordezkari bidali behar ditu jokoetara, 12-18 urte bitarteko mutil eta neska bat. Joko hauek Kapitolioak herri xumeari ezarritako zigor bat dira, duela zenbait urte Kapitolioaren kontra errebelatzen ausartu izanagatik.

Katniss Everdreen-ek (Jennifer Lawrence) bere burua boluntario gisa aurkeztuko du, tributu gisa proposatuko du bere burua, honen ahizpa babesteko helburuarekin. Peeta Mellark-ekin batera, 12.distritua ordezkatzeko ardura izango dute.

Suzanne Collinsek idatzitako liburuak oinarri hartuta, "Gosearen Jolasak" biziraupen istorio bat narratzen digu, borroka eta amodio istorioa, kritika sozial eta politikoarekin nahastutakoa. Fenomeno literario eta zinematografiko berri bat, amaierara heldu diren beste saga batzuek utzitako hutsunea betetzeko helburua duena.


Gary Ross dugu film honen zuzendaria, eta zuzen egin du bere lana. Liburu bat zinemara moldatzea ez da inoiz erraza izan. Gehienetan indarra galtzen du istorioak, eta zenbait pertsonai, arrazoi narratiboengatik "sakrifikatu" behar dira. Kasu honetan gertatzen den bezala. Hala ere, garrantzitsuena testu literarioaren esentzia mantentzea da, eta hori bai, lortu egiten dute. Suzanne Collinsek istorioa lehenengo pertsonan idazten du, Katniss Everdreen da protagonista absolutua. Narratzaile eredu hau pantaila handian islatzeko bi aukera nagusi ditugu: bata, protagonistaren off ahotsaren bidez egindako narrazioa egitea; bestea, plano subjektiboen erabilera. Gary Ross zuzendariak, bigarren aukeraren alde egiten du. Batzuetan errekurtso hau gehiegi erabiltzen duen arren, zenbait eszenetan ikuslea zorabiatzen duelako; behin bere jokoan sartuz gero, Katnissek bizitzen ari den horrekin identifikatzea errazagoa da.

Pelikulak, orokorrean, liburuaren une esanguratsuenak biltzen ditu. Egia da, liburua irakurri dutenentzat pelikula ulertzea errazagoa izango dela, berez filmak zenbait informazio hutsune dituelako. Gainera, liburuak irakurrita izanda, Katniss isilik geratzen den zenbait une, edota euren jokaeren zergatiak hobeto ulertzen dira.



Katniss Everdreen heroi zinematografiko berria dugu, independente eta ausarta. Pelikulan maitasun hirukote baten hasiera ikusten dugu ere, noski: Peeta, Gale eta Katnissen artekoa (liburuan hobeto garatutakoa). Aktore talde ona du pelikulak, zenbaitetan euren interpretazioak hotzak diruditen arren, orokorrean egindako lana ona da. Zelaian, protagonistak hotzak izan behar dira, estrategak, hiltzaileak, sentimendu adierazpen oro euren kontra jokatzen du, ahuleziaren seinale direlako. 

Lehenengo pelikula honen helburua "Gosearen jokoen" nondik norakoak erakustea da, Kapitolioaren tirania eta hoztasuna "bere herriaren" heriotzaren aurrean. Kapitolioan bizi den jendea "artifiziala" da, estilo zalantzagarria duten jantziak daramatzatenak eta goitik behera makillatuta doazenak. Pelikulak duen funtzioa geroago sugarretan bilatuko diren su txinpartak piztearena da. Moldaketa zuzena, tentsioan mantentzen zaituena, eta erritmo ona duena. Entretenimendu ona.

18/4/12

'La guerre est déclarée' (2011) - Romeo eta Julietten itxaropen istorioa

Gerra deklaratu dute, eta borroka gogorra izango da. Seme baten gaixotasunaren aurkako borroka. Romeo eta Juliette maitemindu zireneuren begiradek topo egin zuten une berean. Bizitza gehiegi kezkatzen ez diela dirudien arren, borrokatzen ikasi beharko dute, heroietan bihurtu beharko dira, sakrifikatu beharko dira euren semearen bizitza salbatzeko.

Behin baino gehiagotan abesti bat konposatzea, istorio bat idaztea edota pelikula bat grabatzea ihesbide bihurtzen dira barruan gordeta dugun beldur zein min hori askatzeko; eta nolabait, hau da pelikularen egileei gertatu zaiena.

Pelikula  benetako gertaeretan inspiratuta dago. Valérie Donzellik (Juliette) pelikula hau zuzendu eta idatzi egin zuen honen bikotearekin batera, Jérémie Elkaïm (Romeo). Gaixotasun larri bat izan zuen seme bat izan zuten, eta pelikula honen bidez bikoteak euren arimak biluzten dituzte kamararen aurrean, publikoaren aurrean, interpretazio boteretsuen bidez.


Romeo eta Juliette familiarekin biltzen dira egoerari aurre egiteko, baina gero borroka honi bakarka aurre egingo diote. Dena kontran duten arren, baikor izatea erabakitzen dute, itxaropentsu izaten saiatzen dira. Pelikulak benetan oso dramatikoak diren uneak ditu, adibidez, Juliettek Romeo eta bere familiari Adam txikiaren gaixotasunaren berri ematen dien unea. Badira zenbait une non bikote protagonistak hartzen dituen erabakiak edo jokaerak logikoak ez diruditen, baina aldi berean, une arraro horiek, pelikula xarmaz betetzen dute. 

Orokorrean, pelikulak ikuslearen irribarrea lortzen saiatzen da behin baino gehiagotan, eta lortu egiten du, nahiz eta planteatzen diguten egoera drama itzela izan. Pelikula ona eta hunkigarria.

Euskarazko azpitituluak: http://bit.ly/I6ndIj