31/1/13

'Requiem for a dream' (2000) - Ametsen heriotza


'Requiem for a dream' pelikulak izugarrizko gorputz txarra utzi dit, oso gogorra iruditu zait. Darren Aronofskyk zuzendutako pelikulan, istorioaren protagonistek droga mendekotasuna dela eta infernuetarako jaitsiera ikaragarria bizitzen dute. Garesti ordainduko duten itzulerarik gabeko bidaia. 'Requiem for a dream' pelikula etsigarria da, zorabiatzen gaituena eta amaiera ikaragarria duena. Idealizatutako amets amerikarrari emandako jipoi galanta.

Pelikula gogor honen pertsonaiek ametsak eta helburu desberdinak dituzte, adibidez: Harryren (Jared Leto) ametsa Marionen (Jennifer Connely) ondoan bizitza igarotzea da, Marion da bere ametsa. Bikotekidea, Harryren lagun baten laguntzarekin, droga saltzen hasiko da; saldutakoarekin negozio propio bat irekitzeko diru nahiko bildu nahi dute. Hasieran droga salmenta ongi doa, irabazi ugari ematen dizkie baina laster dena pikutara joango da. Negozio bat irekitzeko adina diru ez dute lortzen, eta beharrezkoa duten diru hori lortzeko, edozer egiteko prest daudela erakutsiko dute. Ondoko kritikak spoilerrak ditu.

28/1/13

'Silver Linings Playbook' (2012) - Jennifer Lawrence, Bradley Cooper eta gutunak

bradley-cooper-jennifer-lawrence

(!) Oscar sariak 2013: 8 izendapen lortu ditu 'Silver Linings Playbook' pelikulak: Pelikula onena, Zuzendari onena, Gizonezko aktore onena (Bradley Cooper), Emakumezko aktore onena (Jennifer Lawrence), Gizonezko bigarren aktore onena (Robert De Niro), Emakumezko bigarren aktore onena (Jacki Weaver), Moldatutako gidoi onena eta Muntaketa onena.


'Silver Linings Playbook' xarma berezia duen pelikula iruditu zait. David O. Russellek zuzendutako pelikulan badira irabazi nauten zenbait une, eta maitemindu nauten beste hainbat. 'Silver Linings Playbook' detailez eta erreferentzia zinematografikoz betetako komedia "dramatiko-erromantikoa" da. Soinu banda ona du eta aktore taldearen lana itzela da, salbuespenik gabe.

Pat (Bradley Cooper) 8 hilabete eman ditu psikiatriko batean "atxilotuta" emaztearen maitalea jipoitzeagatik. Pat (Patrick) bipolarra da, beraz, bere izaera arazotsua da, ezin daiteke sumatu bere jokaera nolakoa izango den. Orain etxera bueltatu da eta helburu argi bat du: emaztea berreskuratu  nahi du eta benetan aldatu egin dela erakutsi nahi dio.

Patek jarraitzen duen filosofia 'Excelsior' hitzaren esanahia du oinarrian. Bizitzaren eta gauzen alde ona bilatzea adierazi nahi du hitz horrek, gutxi gora behera. Afari batean Tiffany ezagutzen duenean, dena aldatuko da.

Bai Pat bai Tiffany euren familientzat pertsona "arraroak" dira, auzokoek ere arraro begiratzen diete. Tiffany ingurukoak laguntzeko prest dago beti; ahal duen guztia ematen du, baina ia inoiz ez du bueltan ezer jasotzen, hutsik sentitzen da. Pat eta Tiffany akordio batera helduko dira: Patek dantza lehiaketa batean berarekin badu, emazte ohiarekin kontaktuan jartzen lagunduko dio Tiffanyk Pati. Ondorengo kritikak spoilerrak ditu.

23/1/13

'Django unchained' (2012) - Tarantino eta westerna



Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

Quentin Tarantinok western bat egingo zuela esan zuenean gauza bakarra etorri zitzaidan burura: era batean ala bestean, berdin zuen istorioaren nondik norakoak zeintzuk izan, funtzionatuko zuen. Zuzendariak behin baino gehiagotan adierazi du western generoa miresten duela, eta berarentzat zinearen historiaren pelikularik onena Sergio Leoneren ‘Il buono, il brutto,  il cattivo’ dela. Orain, ‘Django Unchained’ pelikularekin generoa omentzeko unea heldu da, hori bai, bere estilo propioaren ezaugarriak galdu gabe.

King Schultz (Christoph Waltz) iheslari batzuen bila dabil, arazoa da fisikoki nolakoak diren ez dakiela. Bere helburua lortzeko Djangoren (Jamie Foxx) laguntza izango du. Django iheslari horiek ongi ezagutzen dituen esklabo bat da . Helburua lortuz gero, Schultzek Djangoari askatasuna emango dio. Hala ere, nagusi bat baino, Schultz maisu bezalako bat izango da Djangorentzat, lagun bat. Hegoaldean zehar iheslariak harrapatzen eman ostean, Schultzek Djangori laguntza eskainiko dio.

Djangok helburu bat du: emaztea, Broomhilda (Kerry Washington) aurkitu eta ondoren Calvin Candieren (Leonardo DiCaprio) eskuetatik salbatu behar du, horretarako emaztea “erosten” saiatu beharko da. Calvin Candie ‘Candyland’en jabea da; gizon bitxia, maltzurra, eta gozozalea. Bidaia luzea izango da, baina oso interesgarria. Kritikak spoilerrak ditu.