27/11/13

'Brief encounter' (1945)


Keinu sinple bat


Erlazionatutako edukia: 'Lawrence of Arabia' (1962)

Bizitza arrunt bat bizi dezakezu, egunero errutina berbera jarraituz: lanera joan, inguruan dituzun horiek zaindu… Gorabeherarik gabeko bizitza bat, non zoriontsu ez izateko aitzakia posiblerik ez dagoen. Baina, zer egingo zenuke, ezkonduta egon arren, beste pertsona batez erakarrita sentitzen bazara?

‘Brief encounter’ zine britaniarraren ale ederra da. David Leanek zuzendutako pelikula da. Pelikularen protagonistak Laura Jesson (Celia Johnson) eta Alec Halvey (Trevor Howard) dira. Laura ezkonduta egon arren, Alec Halveyz doktoreaz maiteminduko da (medikua ezkonduta dago ere). Biek bizitza egonkor bat dute, baina kasualitatez tren geltokiko tabernan topo egingo dute. Bien artean adiskidetasun polit bat sortuko da, baina pixkanaka adiskidetasun hori maitasun istorio debekatu batean bilakatuko da.

21/11/13

'Persona' (1966)


Kontzientzia eta identitatea


Ingmar Bergman zuzendari pertsonala dela esan genezake. Bere pelikuletan zeharka bada ere bere bizitza erakusten digu, berarentzat esanguratsuak izan ziren gertaera biografikoak, modu horretan bere izaera erakutsiz (“autobiografikoa naiz, noski” baieztatu zuen noizbait zuzendari suediarrak).

‘Persona’ pelikula zuzendariak ospitale batetan izandako esperientziarekin lotuta dago. Bergmanek ia sei ordu eman zituen konorterik gabe anestesiaren efektua zela eta. Denbora horretan, Bergman ez zen erreala zena eta ez zena desberdintzeko gai. Existentzia eta existentzia ezaren arteko sentsazio hori, kontzientzia eta kontzientzia ezaren artekoa zoragarria izan zen zuzendariarentzat. Zuzendariak, sentimendu horretan inspiratuta pelikula bikain eta konplexu hau egin zuen.

18/11/13

'Blue Jasmine' (2013)


Jasminen krisia


Erlazionatutako edukia: 'Midnight in Paris'

* Kritikak spoilerrak izan ditzake

Ia urtero bezala, Woody Allen zuzendari eta gidoigileak  pelikula berri bat eskaintzen digu. Egile honen produkzio lana benetan harritzekoa da. Hori bai, beti ez du arrakasta edo kalitate bera lortzen bere istorioetan. Zuzendariak egindako azken lanei dagokionez, ‘Midnight in Paris’ filma ikaragarri gustatu zitzaidan, bere argazki lanaz eta istorio magikoaz. Orain, ‘Blue Jasmine’ pelikulan, zuzendariak maitasun kontuak eta nostalgiak alde batera uzten ditu eta antsietatea, errua, korrupzioa eta gezurra bezalako gaiak lantzen ditu, komedia eta drama nahastuz.

Jasmine (Cate Blanchett) gizarte-maila altuko newyorktar bat da. Ikasketak utzi zituen Halekin (Alec Baldwin) ezkontzeko, enpresari arrakastatsu bat. Senarrak nahi beste kapritxo ematen zizkion emazteari, pozik egon zedin. Jasmine, hala ere, itsututa bizi da (ala errealitatea ez du ikusi nahi?), eta ez die senarrak egiten dituen akordio eta negozio zalantzagarriei kasurik egiten. Bere bizitza ospean, aberastasunean, harrotasunean eta materialismoan oinarritzen da. Egun batetik bestera, Jasminen bizitzak 180 graduko bira emango du eta dituen ondasun guztiak galduko ditu. Zerotik hasi beharko da, baina akatsetatik ikasiko ote du? Ala oraindik ez du hondoa jo?