Weston familiaren sekretuak
Hipokresia, irainak, min egiten
duten egiak, sekretuak, gezurrak, mespretxua… ‘August: Osage County’ pelikularen trailerra ikusita familia
gatazkei buruzko komedia atsegin baten aurrean gaudela dirudi, baina
errealitatetik ezin urrunago egon, pelikula komediara baino dramara gehiago
hurbiltzen delako. Are gehiago, erakusten duen egoera deprimitzekoa izan
daiteke. ‘August: Osage County’ Tracy
Lettsek idatzitako antzezlanean oinarritutako pelikula da. Kasu honetan, Letts
bera arduratu da bere testuaren moldaketa zinematografikoaz.
Weston familia, itxuran, nahiko
familia arrunta da. Aita (Sam Shepard) desagertu egin da; hori dela eta,
familiaren kide guztiak elkartuko dira. Bilera horretan, hasieran erakutsitako
errespetua eta politikoki zuzena den hori alde batera uzten joango dira,
etengabeko irain trukaketari bide emanez.
‘August: Osage County’ pelikulan komedia eta ironia dago, baina baita gorroto
asko ere. Abuztua da, tenperatura altuek eta eztabaidek familiaren etxea “piztu”
eta infernu bat bihurtuko dute. Pelikularen pertsonaia guztiek kolperen bat
jaso dute, osasun arrazoiengatik ala arrazoi sentimentalengatik. Baina oraindik
kolpe mingarriena erortzear dago: egia.
Zuzendariaren lana nahiko arrunta
da, artifiziorik gabekoa, arriskatu gabe. Pelikularen indarra gidoian eta
aktore taldearen lanean topatzen dugu (aurpegi ezagun ugari dituen aktore talde
paregabea). Pelikulak gainera Julia Roberts eta Meryl Streepen arteko “ego”
borroka eskaintzen digu. Izaera sendoa duten bi emakume.
Pelikulak jatorrizko obraren izaera
teatrala mantentzen du (onera ala txarrerako). Elkarrizketa luzeak dira nagusi
eta ia lokalizazio bakarrean oinarritzen dela kontan hartuz, espazioaren
erabilpen egokia ikus dezakegu ere. Gero, eszena onenetako bat (ala onena) aipatzea
merezi du: familia afariaren eszena. Pertsonaia
oro mahai baten inguruan eserita. Modu zorrotzean idatzitako eszena eta modu
sinplean grabatutakoa, “mala letxe” eta umorez betetako esaldiekin. Komediatik
dramara doan eszena. Pixkanaka eszena honetan sekretuak argira aterako dira.
Melodrama-“kulebroi” honek indar izugarria lortzen du hemendik aurrera. Amaiera
zoriontsuarentzat tokirik egongo ez dela dirudi.
‘August: Osage County’ sari banaketa garrantzitsuenetan izendapen ugari izateko
osagai nahikoak biltzen dituen pelikula da, baina John Wellsek zuzendutako
pelikulak “lasterketan” indarra galtzen joan da. Hala ere, bigarren mailako
zerbait dela uste dut.
Nor da nor Weston familian?
Familia harremanetan oinarritzen den
pelikula dela kontuan izanda, familia “bitxi” honen pertsonaia garrantzitsuenei
begirada bat botatzea merezi duela uste dut:
Beverly Weston (Sam Shepard), aita:
idazle eta alkoholikoa. Egoera gehiago ezin duela jasan dirudi, nekatuta
dago. Emaztearekin maitasun-gorroto moduko erlazio bat du.
Violet Weston (Meryl Streep), ama:
aho minbizia du (aukera bitxia idazlearen partetik). Jasangaitza da,
histerikoa, lotsagabea, gehiegizkoa, berari
gertatzen zaion guztiaren errua ingurukoei leporatzen die. Lasaigarriak hartzen
ditu etengabe, eta asko erretzen du. Desesperatuta, desengainatua… ia zoro.
Itzela Meryl Streep.
Alabak: Karen (Juliette Lewis), “zoroena”, gazteena eta
arduragabetsuena, pozik bizi dela dirudi, etengabe makillatuta, gona motzak
darama beti… Gero, Ivy (Julianne
Nicholson) dugu; alaba isil, lotsati eta bakartiena. Nahiko zalantzagarria den
erlazio bat sekretuan mantentzen du. Baina bere zoriontasunak sekulako kolpea
jasoko du, gainditzeko zaila izango dena. Azkenik Barbara (Julia Roberts) dugu. Faboritoa. Amaren antza gehien duen
pertsonaia dela esan daiteke, izaerari dagokionez. Emakume gogorra, ez die
eztabaidei ezta irainei beldur. Ez naiz Julia Robertsen jarraitzaile sutsua,
baina oraingoan asko gustatu zait bere lana.
Bigarren baila batean Mattie Fae Aiken (Margo Martindale)
dugu, Violenten ahizpa. Itxuran Violet baino alaiagoa den emakumea,
errealitatean errudun sentimendu ikaragarria duen emakume bat da. Semearekin
zerikusia duen sekretu bat gordetzen du; hori dela eta jasaten duen
desesperazioa bere semearekin ordaintzen du, mespretxatuz. Senarra, Charlie Aiken (Chris Cooper), guztien
artean zuzenena da, atsegin eta lasaiena. Zirkulua ixteko Charlie “semea” (Benedict Cumberbatch) dugu. Pertsonaia guztien
artean traketsena eta agian “maitagarriena”. Baztertuta sentitzen da. Bere
amarentzat “tentel” bat baino ez da.
Beno, pelikularen pertsonaia
interesgarriak direla kontuan hartuta, pelikula hasieratik eta amaiera arte
entretenigarria iruditu zait. Erritmo bizia duen pelikula da, harrapatzen zaitu
guztiz. Pertsonaia ugari bai, baino nahiko ongi definitutakoak. Guztiek zeozer
dute esateko, nahiz eta paper txikia izan. Ez nuen gehiegi espero, baina sorpresa
on bat izan da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario