24/2/14

'Her' (2013)

Harremanak eta teknologia
Ondorengo kritikak spoilerrak izan ditzake

Internet, sare sozialak, unetxo batez huts egiteagatik kaosa sortaraz dezaketen aplikazioen erabilpena… Teknologiaren menpe bizi garela nahiko argi dago, bai erabilpen pribaturako bai profesionalerako. Horregatik, aurrerapen horiek gure harremanetan modu batean ala bestean eragitea nahiko logikoa suerta daiteke. Spike Jonzeren ‘Her’ pelikulak pausu bat haratago doa, eta etorkizun hurbil batean kokatzen gaitu. Horretan “bizitza propioa” duten sistema operatiboak existitzen dira.

Produktuaz erakarrita, Theodorek (Joaquin Phoenix) sistema operatibo bat erosten du. Bere sistema operatiboaren izena, Samantha da. Theodore idazlea da, herritar arrunt bat, anbizio berezirik gabekoa. Gizon bakartia da, bizitza sozialetik urrun mantentzen dena. Lanean, bezeroen izenean sinatutako gutun pertsonalizatuak idazten ditu. Hau da, bezeroek bizpahiru datu ematen dizkiote eta datu horietatik abiatuz sentsazio-sentimendu bat imajinatzen eta “intepretatzen” du, diktatuz, inprimatuz eta gero gutuna bidaliz. Samantharen pareko “lan dinamika” jarraitzen duela esan genezake: sistema operatiboak datu ugari pilatzen ditu, bezeroen sentsazio eta sentimendu ugari (kasu honetan Theodorenak), gero sentimendu horiek interpretatzen ditu bezeroari erantzun egokiena emateko.

Theodore dibortziatzear dago. Triste dago, bete beharreko hutsune bat du. Beldur da. Bere bizitza monotonoan harrapatuta bizi da, harreman interesgarri eta berezi bat izango du Samantharekin. Idazleak bere beldurrak, kezkak zein sekretuak kontatzen dizkio Samanthari, elkar ongi ulertzen dute. Sistema operatiboak erakusten duen kuriositate eta bizigura txundigarria da Theodorentzat. Aurrera egiten du, eta sistema operatiboarekin “eguneratzen” doa. Biek bidean ikasten dute. Baina noski, erreala al da duten harremana? Theodorek sentitzen duen hori?

Laguna, konfidente, bikotekide… Theodore ideia batean murgiltzen da eta zerotik hasten saiatzen da. Ongi sentitzen da. Lankideek eta Amy (Amy Adams), bere auzokideak, Theodoreren eta Samantharen harremana laster onartzen dute, aurreiritzirik gabe. Oraindik bere ematea den horrek, Catharinek (Rooney Marak), kontran, Theodoreren maitasun-istorio horretan euren harremanak izandako gatazka eta akats berberak ikusten ditu.

Baina… nor da “her”? Norekin hitz egiten ari da Theodore, interpretazio desberdinak egon daitezke ideia horren arabera. Samantha, Catharine eta Amy Theodoren bizitzaren emakume protagonistak direlako.

Harremanak zailak direla esatean ez dugu ezer berririk aipatzen, baina ideia hori lantzen du pelikulak zientzia fikziozko ukitu bat gaineratuz. Arazoen aurrean pertsonaiak ezin dira izkutatu, aurre egin behar dizkiete, eta egindako akatsetatik ikasi. ‘Her’ pelikulan baita laguntasuna, bakardadea eta zoriontasuna bezalako gaiak lantzen dira.
Bada bereziki gustatu zaidan pertsonaia bat: Amy. Theodoreren auzokide eta laguna. Bi pertsonaiak nahiko antzekoak dira, izaerari eta bizitzen ari diren egoera sentimentalari dagokionez. Biek bere berezitasunak dituzte, bakartiak dira, sortzaileak. Theodorek bere aisialdia bideo-jokoetara jolasten igarotzen du, nahiz eta jokoan nola aurrera egin ez jakin. Amyk, aldiz, bere aspirazioekin lotura gutxi duten bideo-jokoak sortzen lan egiten du. Bien arteko komunikazio ez berbala euren sintonia ezin hobearen adibide nabariena da.

 ‘Her’ pelikula ona iruditu zait, erraza da pertsonaiekin identifikatzea. Theodoreren irribarrea kutsagarria da, eta hunkitzen denean bere mina senti dezakegu. Theodoreren pertsonaia, eta bigarren mailakoen pertsonaiak ere, ez dira perfektuak. Theodore atsegina da, maitagarria une askotan, baina baita alde ilun bat du, adibidez, Samanthak modu independenteago batean jokatzen duenean, bere alde kontrolatzailea agerian geratzen da.

Samantha beste pertsonaia arrunt bat da, eta horrela tratatzen du zuzendariak. Pixkanaka harrapatzen gaitu, atsegina eta jatorra da. Informazioa biltzen du etengabe eta jasotako datu horien arabera eboluzionatzen doa, gero eta sistema independenteagoa izanez. Kezkak ditu, beldurrak. Spike Jonzek Samantharen mundua xehetasun txikiekin erakusten digu, plano subjektiboekin, kamisa batean poltsikoan jarritako kateorratz batekin…
Spike Jonzek presarik gabe kontatzen digu istorioa. Lehen planoak eta elkarrizketak dira nagusi. Pelikularen argazki lana ederra da, hurbila, kolore epelak dira nagusi (bai espazio bai jantzietan), eta horrek gizartearen hoztasunarekin eta pertsonaien bakardadearekin talka egiten du. Arcade Fire taldeak soinu banda konposatu du.
Laburtuz, ‘Her’ istorio gazi-gozo bat da, hurbila eta hunkigarria. Pertsonaiak ez dira perfektuak, okertzen dira, baina azkenean bilatzen dutena zoriontasuna da, ongi sentitzea. Amaiera polita. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario