22/2/14

'Submarine' (2010)


Ur azpian

‘Submarine’ nerabeen kezketan eta arazoetan oinarritzen diren pelikulen multzoan sartzen da (multzo hori berez azpigenero bat dela esan genezake). Richard Ayoadek zuzendu du pelikula eta Joe Dunthornen eleberri homonimoa hartzen du oinarritzat. Orokorrean, ‘Submarine’ pelikula interesgarria iruditu zait. Istorioaren protagonista Oliver Tate (Craig Roberts) da, 15 urteko gazte bat. Oliverrek gazte gehienek dituzten kezka eta zalantzak ditu, baina bi arazok garrantzia gehiago izango dute gaztearentzat.

Pelikula atal desberdinetan egituratuta dago. Bi bloke nagusiek arazo bana lantzen dute. Lehenengoak identitate bilaketarekin harremana du, hau da, “nor naiz ni?” galdera ditxosoaren erantzunarekin. Oliver gazte konplexua da; batzuetan berekoia eta maltzurra izan daiteke, besteetan atsegina eta erromantiko-idealista bat. Bidean, Oliverrek Jordanarekin (Yasmin Paige) topo egingo du, bere lehen amodioa. Neska bitxia, misteriotsua, ezin daiteke bere jokabidea aurreikusi. Jordanak mutilaren atentzio edota interesarekin jokatuko du. Oliverrentzat Jordana neska berezia da, onena. Idealizatu egin du, eta horregatik Oliverrek Jordanak kezkak eta beldurrak dituen neska ere dela ikusten duenean, Jordanak bere ahuleziak erakusten dituenean, Oliverrek ihes egingo du.



Horretaz gain, Oliver oso behatzailea da. Behatze horretatik bere istorioaren narrazioa sortuko da. Hau da, gazteak bere istorioa off ahotsean narratuko du, bere sentimenduak agerian utziz eta inguruan gertatzen diren gauzak interpretatuz. Noski, interpretazio hori subjektiboa izango da (behin baino gehiagotan gehiegizkoa eta fantasiatsua, errealitatearekin talka eginez). Oliverrek aldaketaren beldur da, hau da, ez du bere bizitzaren “ordena” apurtzea nahi. Orden hori mantentzeko edozer egingo du, gainontzekoen sentimenduak kontuan hartu gabe.

Bigarren arazoa aurreko idearekin erlazionatuta dago. Oliverren gurasoen arteko komunikazioa desagertu egin da, estatuak dirudite, interakziorik gabe. Desleialtasun posible bat ekiditea izango da Oliverren helburuetako bat.

Urdina eta gorria, ura eta sua


Zuzendariak garrantzia edo tratamendu berezia ematen die bi koloreei: urdina eta gorriari konkretuki. Urdina Oliverren kolorea izango da eta gorria Jordanarena. Ez hori bakarrik, Jordana suarekin lotuta egongo da ere, suarekin jokatzea “gustuko” du, eta Jordanaren elementua sua bada, Oliverrenena ura izango da. Oliverren pertsonaia “ur azpitik” atera behar da. Ur azpian babestuta sentitzen da, ezer aldatzen ez delako. Heldutasunera jauzia emateko kanpora atera behar da, olatuen (eta bizitzaren) kolpeak jasoz aurrera egin ahal izateko.


Aspektu meta-filmiko bat du pelikulak, protagonistaren narrazioarekin lotuta. Narrazio horretan Oliverrek formatuak aipatu eta nahasten ditu, eszena batean bere pelikula propioa amesten du, kreditu eta guzti.

Komedia, drama eta amodioa. ‘Submarine’ pelikulan ukitu malenkoniatsua da nagusi. Zuzendariak hiru genero horiek orekatzen ditu, nahiz eta batzuetan, pelikulari estetika berezi bat ematearen desira horretaz baldintzatuta, nahasketa hori traketsa izan. Argiztapen naturala, soinu banda paregabea (Alex Turnerrek, Arctic Monkeys taldearen abeslariak, konposatutako abestiez osatuta), eta protagonista bera dira pelikularen elementu interesgarrienetako batzuk. Nerabezaroaren kezkei emandako beste bira bat. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario