4/2/14

'American Hustle' (2013)


Nor da maisua? Margolaria ala faltsutzailea?


Iruzurra, pare bat tramiteen truke jasotako komisio ilegalak, faltsutzeak, korrupzioa, baita festa eta maitasun pixka bat ere… Hori da David O. Russellen azken pelikulak eskaintzen duena. O. Russell Hollywoodeko akademikoen “zuzendari mimatuaren” etiketa irabazi du, nahigabe izan bada ere. ‘American Hustle’ pelikulak Oscar sarietan 10 izendapen ditu. Iaz, ‘Silver linings playbook’ pelikulak 8 izendapen izan zituen, eta 2010ean ‘The fighter’ filmarekin beste 7 izendapen izan zituen O. Russellek. Aipatutako hiru pelikulek istorio interesgarriak kontatzen dituzte, baina bere arrakastaren funtsa pertsonaietan topatzen dugu. O. Russellen pertsonaiak nahiko bitxiak dira, hurbilak, atseginak oro har, erraza da era batean ala besteak horiekin identifikatzea. Hainbeste izendapen ikusita normala da zuzendariaren pelikularen aurrean espektatiba handiak izatea (desengainatzeko aukera gehiago ere).


Irving Rosenfeld (Christian Bale) faltsutzeen negozioan nahiko ongi mugitzen da, nola jokatu behar duen badaki. Mafia eta korrupzio politikotik aldentzen saiatzen da, mundu hori ez zaio batere gustatzen. Rosalyn (Jennifer Lawrence) Irvingen emaztea da. Ezinezkoa da emakume horrek zer egingo duen aurreikustea, nahiko “berezia” da. Irvingek egiten duen guztia semenaren onurarako egiten du. Rosalynek urteak daramatza isilik, senarraren itzalean izkutatuta bere negozioak kritikatu gabe; baina orain negozioan beste emakume bat sartu dela ikusita, jokoaren parte izatea erabaki du.

Irvingen konplizea Sydney Prosser (Amy Adams) da, baita bere maitalea ere. Richie DiMaso (Bradley Cooper) bikotea atxilotuko duen FBIko agentea da. Agenteak akordio interesgarri bat proposatuko die Irving eta Sydneyri. Korrupzio politikoarekin harremana duten New Jerseyko lau politikari atxilotzen laguntzen badiote, aske izango dira. Beraz, gorrotatzen duen mundu batean sartu behar bada ere, Irvingek akordioa onartuko du.


Pelikularen elementu erakargarriena aktore taldea da. David O. Russell aktore zuzendari nahiko ona dela pentsatzen dut. Christian Bale, Amy Adams, Bradley Cooper, Jennifer Lawrence eta Jeremy Renner dira 70ko hamarkadan girotutako komedia honen protagonistak. Amy Adams pelikularen erregina da. Irvingekin bizitza berri bat hasi nahi duen maitalea. Identitate berri bat asmatu behar izan du konplize lana egiteko, nekagarria izan daitekeen ardura da hori. Itxuran emakume sendoa dirudi. Badaki FBIko agentea nola maneiatu eta “berotu”. Gero, Bradley Cooper lan ona egiten du. Bere pertsonaia energiaz beteta dago, anbizio handiko agentea da. Antolatu duen misioa dela eta, faltsutzaileen artean infiltratuko da. Hori kontuan izanda, pertsonaietan aldaketa interesgarri edota bitxi bat ematen da. FBIko agentea gustura dago faltsutzailearen papera antzezten; baina Christian Balen pertsonaia aldiz, ahalik eta zuzenen portatzen saiatzen da; arazo handiago eta larriagotan ez sartzeko. Christian Bale aktoreari buruz esateko gutxi dago, ez da bere filmografiako lanik onena, baina ongi betetzen du bere papera (aldaketa fisikoaz aparte). Amaitzeko, Jennifer Lawrence dugu, zenbait une bikainen protagonista, nahiz eta bigarren maila batean egon.


‘American hustle’ entretenigarriagoa izatea espero nuen, indarra falta zaio istorioari. Bere ahulezia nagusia gidoia da, badira luzeegiak egiten diren zenbait eszena. David O. Russellen zuzendaritza lana sinplea da, beraz aktoreak dira pelikularen pisua jasaten dutenak. ‘American hustle’ interesgarria den arren, garapenean galtzen da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario