7/2/14

'Saving Mr. Banks' (2013)


“Spoon full of sugar…”

Walt Disneyk Mary Poppinsen istorioak maite zituen, P.L. Traversek sortutako pertsonaia zoragarri eta magikoaren istorioak. Alabei promesa bat egin zien Disney jaunak, eleberriaren eskubide zinematografikoak lortzeko edozer egingo zuen. Negoziaketa, noski, arazotsua izan zen. Disney jaunak urteak zeramatzan Travers andrearen atzetik, eleberrien eskubideak lortu nahian, baina beti ezezko erantzuna jasotzen zuen. Ideia behin eta berriz ukatu arren, arrazoi ekonomikoak direla medio, Travers andrea Los Angelesera joango da, behingoz. Bertan, Disney jaunaren sormen taldearen proposamenak entzun eta errefusatuko ditu nekatu arte. Istorioa benetako gertaera batean inspiratuta dago.


‘Saving Mr. Banks’ polita iruditu zait; pertsonaia nagusia interesgarria da oso eta pelikulak nostalgiarekin ondo jokatzen daki. Pamela Travers andrea emakume nahiko bitxia da: burugogorra, pentsamendu zurrunekoa eta pixka bat jasangaitza ere bada. Bere izaera hotzak eta serioak Disney jaunaren hurbiltasunarekin talka egiten du. Waltek eskubideak nola edo hala lortu behar ditu, eta negoziaketan ez du amore emango. Mary Poppins pelikularen aurre produkzio lana da pelikularen oinarria: pelikularen storyboardak, jantzi diseinuak, kasting aukeraketa… keinuz betetako pelikula da. Prozesu zinematografikoak bete-betean sartzen gara.

Mary Poppinsen istorioa idazlearen iragan triste eta mingarriaren isla da. Horregatik Disneyk egin nahi duen moldaketa zinematografiko alai eta musikalaren proposamena Travers andreari ez zaio batere gustatzen. Idazleak bere bizitzaren parte garrantzitsu bat ikusgai jartzearen beldur da. Disneyrentzat Mickey Mouse bere familiaren parte baldin bada, Mary Poppins eta Banks familia Travers andrearen familia izango dira.


Flashbacken bitartez Mary Poppinsen eta Travers andrearen istorioaren arteko konexioa egiten da. Idazleak bere bizitzan klabe izan ziren elementu oro erakusten ditu bere testuan, bere inspirazio iturriak. Hala ere, konexio gisa funtzionatzen badute ere, flashback gehiegi daude pelikulan. Batzuetan ez dira beharrezkoak, errepikakorrak dira eta gauza berri gutxi gaineratzen diote istorio nagusiari.

Travers andreak bi “bidai” egiten dituela esan genezake. Lehenengoa flashbacketan ikusten duguna: haurtzarotik heldutasunera, gertaera tragiko baten ondorioez behartuta. Bestea orainaldian ematen dena, alderantzizkoa; hau da, heldutasunetik haurtzarora. Ilusioa berreskuratuz.

Amaiera aldera kokatzen den eszena batean zera adierazten dio Disneyk idazleari: narrazio edo istorioen kontaketaren bidez iragana berreraikitzeko ahalmena dute. Errealitateko amaiera triste bat, amaiera literario zoriontsu eta itxaropentsu bat izan daiteke. Biek istorioak kontatzea maite dute, eta pelikulari esker, Travers andreak behingoz bere burua barkatuko du.

Laburtuz, flashbackaren errekurtsoa gehiegi erabiltzen duten arren 'Saving Mr. Banks' pelikula polita da, hunkigarria eta gazi-goza; 1964ko klasikoek irudiek eta melodiek ukitu nostalgiko (eta mesedegarri) bat gaineratzen diote pelikulari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario