Zauriak ixten
Erlazionatutako edukia: 'The descendants' (2011)
Alexander Paynen azken
lana espero nuen baino gehiago gustatu zait. Woody Grant (Bruce Dern) dugu ‘Nebraska’ren
protagonista nagusia. Milioi dolar bat irabazi duela uste du eta Nebraskaraino
joango da saria kobratzera, horretarako etxetik ihes egin behar badu ere.
Dementzia sintoma horiek, saria jasotzeko bidaiarekin batera Grant eta semearen
arteko harreman korapilatsua erakusteko eta ezagutzeko aitzakia perfektuak
izango dira.
Woodyren
herrian ez da ezer interesgarririk gertatzen. David (Will Forte) musika-ekipoak saltzen lan egiten du,
bikotekidearekin apurtu berri du eta galtzaile bat izatetik oso gertu dago
(anaia kontran, gizon nahiko arrakastatsua da). Davidek aitaren “jokoa”, “ilusioa” jarraitzea erabaki du eta Nebraskaraino
joango da berarekin.
Alexander Paynek
sentimentalismorik gabe grabatu du istorioa. Egunerokotasuna, errutina eta
pertsonaia nagusien izaerak dira pelikularen indarguneak. Esaten dioten guztia
sinesten du Woodyk, eta beti besteak laguntzeko prest dago. Woody ez da aitarik
onena izan, ezta senarrik onena ere. Gainera alkoholismo arazoak ditu.
‘Nebraska’ hitz
gutxiko pelikula da, apaindutako diskurtsorik gabekoa. Esan bezala, kontatzen
duen istorioa gazi-gozoa da, baikorra eta tristea aldi berean, polita
orokorrean. Paynek era bikainean
maneiatzen ditu isiluneak eta egoera ez-erosoak. Woodyren “lagunek” eta
senideek albiste onaren berri dutenean ahaztuta ziruditen zorrak ordaintzen
diote. Faltsutasuna da nagusi.
Woody Grantek beti
aurrera egiten du bere helburua lortzeko oinez ala autoz, berdin dio. Oztopoak
nola edo hala gaindituko ditu bere familiari esker. Beti aurrera, atzera
begiratu gabe. Grantentzat zerbait irabazi izanaren sentsazioa paregabea da,
pozik dago jaso duen sariagatik. Emaztearekin maitasun-gorroto erlazio “zoragarri”
bat du, emaztearen pertsonaiak pelikulari espero ez nuen ukitu komikoa
gaineratzen dio.
‘Nebraskak’ ez du
diskurtsoen beharrik, hitzek baino askoz gehiago adierazten duten begiradak
ditugulako. Adibidez, amaierako eszena batean: Woody semeari begira dago harrituta,
eskertuta bizi duten “abenturagatik”. Davidek gero begirada bueltatzen dio,
irribarre erdi batekin. Pelikulak ilusioarekin nola jokatzen duen ere gustatu
zait, protagonistaren ilusioa eta itxaropena kutsagarria da.
Pelikularen argazkia, pertsonaia bitxiak batzuk
maitagarriak besteak guztiz gorrotagarriak, gidoia eta istorioaren garapena…
Horiek dira harrapatu nauten hainbat elementu. Zauriak ixteko bidai bat. ‘Nebraska’ gainera, une komiko nahiko
onak ditu, batzuk itzelak. Komedia dramatiko oso ona iruditu zait.
Gomendagarria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario