Kaixo zinemazale!
Bi urte igaro dira 'Wilderrek egingo lukeen bezala' bloga idazten hasi nintzenetik, eta orain aldatzeko unea heldu da, jauzi bat eman eta mugitzeko unea. Blogspot-eko URL-a momentuz ez da desagertuko, hainbat esteka jarrita daude eta horiek aldatzen ibiltzea korapilatsua izango litzateke. Gaurtik aurrera, Ttalaka-n izango duzue bloga irakurgai. Kritikak, soinu bandak, albistetxoak... Eduki berriak eta desberdinak idazten saiatuko naiz bertan. Zinemaz aparte, beste zenbait blog tematiko topa ditzakezue webgune berrian.
Hemen duzue URL berria: 'Wilderrek egingo lukeen bezala'
Naiara
7/3/14
24/2/14
'Her' (2013)
Harremanak eta teknologia
Ondorengo
kritikak spoilerrak izan ditzake
Internet,
sare sozialak, unetxo batez huts egiteagatik kaosa sortaraz dezaketen
aplikazioen erabilpena… Teknologiaren menpe bizi garela nahiko argi dago, bai
erabilpen pribaturako bai profesionalerako. Horregatik, aurrerapen horiek gure
harremanetan modu batean ala bestean eragitea nahiko logikoa suerta daiteke. Spike
Jonzeren ‘Her’ pelikulak pausu bat
haratago doa, eta etorkizun hurbil batean kokatzen gaitu. Horretan “bizitza
propioa” duten sistema operatiboak existitzen dira.
Produktuaz
erakarrita, Theodorek (Joaquin
Phoenix) sistema operatibo bat erosten du. Bere sistema operatiboaren izena, Samantha da. Theodore idazlea da,
herritar arrunt bat, anbizio berezirik gabekoa. Gizon bakartia da, bizitza
sozialetik urrun mantentzen dena. Lanean, bezeroen izenean sinatutako gutun
pertsonalizatuak idazten ditu. Hau da, bezeroek bizpahiru datu ematen dizkiote
eta datu horietatik abiatuz sentsazio-sentimendu bat imajinatzen eta “intepretatzen”
du, diktatuz, inprimatuz eta gero gutuna bidaliz. Samantharen pareko “lan
dinamika” jarraitzen duela esan genezake: sistema operatiboak datu ugari
pilatzen ditu, bezeroen sentsazio eta sentimendu ugari (kasu honetan
Theodorenak), gero sentimendu horiek interpretatzen ditu bezeroari erantzun
egokiena emateko.
22/2/14
'Submarine' (2010)
‘Submarine’ nerabeen
kezketan eta arazoetan oinarritzen diren pelikulen multzoan sartzen da (multzo
hori berez azpigenero bat dela esan genezake). Richard Ayoadek zuzendu du pelikula eta Joe Dunthornen eleberri
homonimoa hartzen du oinarritzat. Orokorrean, ‘Submarine’ pelikula interesgarria iruditu zait. Istorioaren
protagonista Oliver Tate (Craig
Roberts) da, 15 urteko gazte bat. Oliverrek gazte gehienek dituzten kezka eta
zalantzak ditu, baina bi arazok garrantzia gehiago izango dute gaztearentzat.
Pelikula atal desberdinetan egituratuta dago. Bi bloke
nagusiek arazo bana lantzen dute. Lehenengoak identitate bilaketarekin
harremana du, hau da, “nor naiz ni?” galdera ditxosoaren erantzunarekin. Oliver
gazte konplexua da; batzuetan berekoia eta maltzurra izan daiteke, besteetan
atsegina eta erromantiko-idealista bat. Bidean, Oliverrek Jordanarekin (Yasmin Paige) topo egingo du, bere lehen amodioa.
Neska bitxia, misteriotsua, ezin daiteke bere jokabidea aurreikusi. Jordanak
mutilaren atentzio edota interesarekin jokatuko du. Oliverrentzat Jordana neska
berezia da, onena. Idealizatu egin du, eta horregatik Oliverrek Jordanak kezkak
eta beldurrak dituen neska ere dela ikusten duenean, Jordanak bere ahuleziak
erakusten dituenean, Oliverrek ihes egingo du.
10/2/14
'Nebraska' (2013)
Zauriak ixten
Erlazionatutako edukia: 'The descendants' (2011)
Alexander Paynen azken
lana espero nuen baino gehiago gustatu zait. Woody Grant (Bruce Dern) dugu ‘Nebraska’ren
protagonista nagusia. Milioi dolar bat irabazi duela uste du eta Nebraskaraino
joango da saria kobratzera, horretarako etxetik ihes egin behar badu ere.
Dementzia sintoma horiek, saria jasotzeko bidaiarekin batera Grant eta semearen
arteko harreman korapilatsua erakusteko eta ezagutzeko aitzakia perfektuak
izango dira.
Woodyren
herrian ez da ezer interesgarririk gertatzen. David (Will Forte) musika-ekipoak saltzen lan egiten du,
bikotekidearekin apurtu berri du eta galtzaile bat izatetik oso gertu dago
(anaia kontran, gizon nahiko arrakastatsua da). Davidek aitaren “jokoa”, “ilusioa” jarraitzea erabaki du eta Nebraskaraino
joango da berarekin.
7/2/14
'Saving Mr. Banks' (2013)
“Spoon full of sugar…”
Walt Disneyk Mary Poppinsen istorioak maite zituen, P.L.
Traversek sortutako pertsonaia zoragarri eta magikoaren istorioak. Alabei
promesa bat egin zien Disney jaunak, eleberriaren eskubide zinematografikoak
lortzeko edozer egingo zuen. Negoziaketa, noski, arazotsua izan zen. Disney
jaunak urteak zeramatzan Travers andrearen atzetik, eleberrien eskubideak lortu
nahian, baina beti ezezko erantzuna jasotzen zuen. Ideia behin eta berriz ukatu
arren, arrazoi ekonomikoak direla medio, Travers andrea Los Angelesera joango
da, behingoz. Bertan, Disney jaunaren sormen taldearen proposamenak entzun eta
errefusatuko ditu nekatu arte. Istorioa benetako gertaera batean inspiratuta
dago.
4/2/14
'American Hustle' (2013)
Nor da maisua? Margolaria ala faltsutzailea?
Erlazionatutako edukia: 'Silver linings playbook' , 'The fighter'
Iruzurra, pare bat tramiteen truke jasotako komisio
ilegalak, faltsutzeak, korrupzioa, baita festa eta maitasun pixka bat ere… Hori
da David O. Russellen azken
pelikulak eskaintzen duena. O. Russell Hollywoodeko
akademikoen “zuzendari mimatuaren” etiketa irabazi du, nahigabe izan bada ere. ‘American Hustle’ pelikulak Oscar
sarietan 10 izendapen ditu. Iaz, ‘Silver
linings playbook’ pelikulak 8 izendapen izan zituen, eta 2010ean ‘The fighter’ filmarekin beste 7 izendapen
izan zituen O. Russellek. Aipatutako hiru pelikulek istorio interesgarriak
kontatzen dituzte, baina bere arrakastaren funtsa pertsonaietan topatzen dugu.
O. Russellen pertsonaiak nahiko bitxiak dira, hurbilak, atseginak oro har,
erraza da era batean ala besteak horiekin identifikatzea. Hainbeste izendapen
ikusita normala da zuzendariaren pelikularen aurrean espektatiba handiak izatea
(desengainatzeko aukera gehiago ere).
3/2/14
'Captain Phillips' (2013)
Kapitainen arteko duelua
Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz
2009ko benetan gertatutako bahiketa
oinarritzat hartuta, ‘Captain Phillips’ pelikulak
Maersk Alabama izeneko karga-ontzi
estatubatuarraren bahiketa kontatzen du. Horretan, pirata somaliar talde txiki
batek ontzia abordatu eta Richard Phillips (Tom Hanks) kapitaina bahitu zuen,
kapitainaren truke 10 milioi dolarreko erreskatea eskatuz.
Greengrassek kamera gainean “jantzita”, tentsio handiko zenbait une
dituen abentura pelikula ona egin du. Kameraren etengabeko mugimenduak beti
alde onak eta alde txarrak ditu: batetik hurbiltasun eta urduritasun sentsazio
bat sortarazten du, pelikulari ukitu dokumental bat gaineratuz. Kontra,
etengabeko mugimendu horrek zuzendariaren eskua agerian uzteaz aparte, nahasmen
sentsazio bat sor dezake zenbait eszenetan.
Kasu honetan, “mugimendu” horrek Tom
Hanksen itxurazko lasaitasunarekin talka egiten du. Hanks beldurra, segurtasuna
zein lasaitasuna erakutsi dezake hitzen eta gehiegizko keinurik egin gabe.
Phillips kapitaina beti firme ageri da, egoera kontrolpean mantentzen saiatuz.
Kapitain bezala, bere tripulazioa babesteko edozer egiteko prest egongo da.
20/1/14
'The wolf of Wall Street' (2013)
Sexua, drogak, arrakasta eta Wall Street
Martin Scorseseren azken pelikula energiaz eta gehiegikeriaz beteta
dago. Zalantzagarria den negozio forma baten inguruan idatzitako komedia beltza
dugu hau. ‘The Wolf of Wall Street’ Jordan
Belfort broker-rak idatzitako
biografia hartzen du oinarri bezala, egun batetik bestera akzioen
salerosketetatik lortutako komisioei esker dirutza izugarria lortu zuen
gaztearen istorioa. Noski, egiten ari zena hori legala ote zen? Bistan denez,
ez.
Jordan Belfortek (baliteke hau Leonardo DiCapriok egindako lan ausartena
izatea), argi uzten du amets amerikarra delakoa
lortzeko zenbait gauza alde batera utzi behar direla, horien artean lehena: morala. Esan bezala, protagonista
gehiegikeriaz inguratuta dago: nahi beste kokaina, alkohol eta dirua (diru
asko). Azken hau egungo gizartearen “droga” adiktibo eta preziatuena izanik.
13/1/14
'August: Osage County' (2013)
Weston familiaren sekretuak
Hipokresia, irainak, min egiten
duten egiak, sekretuak, gezurrak, mespretxua… ‘August: Osage County’ pelikularen trailerra ikusita familia
gatazkei buruzko komedia atsegin baten aurrean gaudela dirudi, baina
errealitatetik ezin urrunago egon, pelikula komediara baino dramara gehiago
hurbiltzen delako. Are gehiago, erakusten duen egoera deprimitzekoa izan
daiteke. ‘August: Osage County’ Tracy
Lettsek idatzitako antzezlanean oinarritutako pelikula da. Kasu honetan, Letts
bera arduratu da bere testuaren moldaketa zinematografikoaz.
Weston familia, itxuran, nahiko
familia arrunta da. Aita (Sam Shepard) desagertu egin da; hori dela eta,
familiaren kide guztiak elkartuko dira. Bilera horretan, hasieran erakutsitako
errespetua eta politikoki zuzena den hori alde batera uzten joango dira,
etengabeko irain trukaketari bide emanez.
Etiketak
2013,
August Osage County,
Benedict Cumberbatch,
Chris Cooper,
Ewan McGregor,
John Wells,
Julia Roberts,
Julianne Nicholson,
Juliette Lewis,
Margo Martindale,
Meryl Streep,
Sam Shepard
9/1/14
'Inside Llewyn Davis' (2013)
Arrakasta eta porrotari buruz
‘Inside
Llewyn Davis’ Coen anaien azken pelikula da. Istorioa 60ko hamarkadako
New Yorken girotuta dago, Greenwich Villagen zehazki, garai hartako bohemia eta
artearen jaiolekua. Istorioaren protagonista Llewyn Davis (Oscar Isaac) da, arrakasta lortu nahi duen folk
musikari gaztea. Hori bai, bidean ez dago bere burua ala bere identitatea “saltzeko”
prest.
Llewyn
galtzaile bat da, ez da oso atsegina, bakartia da… Diru
gutxi, etxerik ez, nahiko grisa da bere bizitza. Bere taldekidearen heriotza ez
du gainditu oraindik. Folka “berpiztear” zegoen garai hartan, lehen pausuak
berriz ematen hasi zen. Noski, bidean gutxi izan ziren arrakasta lortu zuten
horiek. Eta pelikulak ideia hori argi uzten du, musikari trebe eta ona izateak
ez dizu arrakasta ziurtatzen.
2/1/14
'The secret life of Walter Mitty' (2013)
Ametsak alde batera utzi eta bizitzen
hasi
Erlazionatutako edukia: 'Reality Bites' (1994)
Hona hemen Walter
Mittyren (Ben Stiller) bizitzari buruzko istorio bat, gizon arrunt eta
langile bat istorioa. Bere bizitza errutinan oinarritzen dela pentsa dezakegu,
gorabehera gutxi ditu, bizitza umila azken finean. Ez ditu abentura
zirraragarririk edota ingurukoekin partekatzea merezi duen esperientzia
berezirik bizi. Bakartia, barnerakoia eta lotsatia. Zein da beraz bere
berezitasun aipagarriena? Esna amets
egitea. Ideia batean murgiltzen da maiz, pentsamendu batean galtzen da non
edozer gerta daitekeen. Amets horietan, errealitate hobeago bat amesten du, non
bera heroia den; eta ez zer kontatzerik ez duen galtzaile bat. Hori da Walter Mitty.
15/12/13
'12 years a slave' (2013)
Gizon askea
izatetik esklabu izatera
Erlazionatutako edukia: 'Shame' (2011)
'12 years a slave' Steve
McQueen zuzendari britainiarrak zuzendutako hirugarren film luzea da. Benetako
gertaera batean oinarritzen da istorioa, Solomon
Northup (Chiwetel Ejiofor) musikari beltz eta askearen bizitzan konkretuki.
Somolon familiarekin bizi da New Yorken eta lan bila dabil. Bi gazte zirku
baten parte izatea eskaintzen diote, eurek antolatutako espektakuluaren izarra.
Bi ezezagunen proposamen erakargarri hori onartzen du Solomonek. Aukera okerra.
Egun hartatik aurrera bere bizitza infernu bat izango delako. Bi ezezagunek
Solomonen edarian droga botatzen dute, eta inkontziente dagoela esklabu gisa
saltzen dute. Diru apur batengatik Solomoni
askatasuna kentzen diote, kondenatzen dute.
11/12/13
'Liberal arts' (2012)
Begirada nostalgiko bat
Erlazionatutako edukia: 'Happythankyoumoreplease' (2010)
‘Liberal Arts’ Josh Radnor aktoreak zuzendutako bigarren film luzea
dugu. Pelikulak, begirada atzera botatzen du, protagonistaren unibertsitate
garaira konkretuki. Jesse (Josh
Radnor) literatura maite duen irakasle gazte bat da, artea oro har. Bere “bigarren”
irakasle faboritoa erretiratuko da, eta bere omenez antolatu duten ekitaldia
dela eta, unibertsitatera bueltatuko da protagonista.
Pelikularen protagonistaren
antzera, guztiok bereziki gustatzen zaigun liburu/pelikula/disko bat dugu,
berdin du zein den arrazoia. Jesse egunero liburutegira doa, gustukoen duen
liburuaren azken hiru orrialdeak irakurtzera. Errutina hori pelikularen
amaieran esanguratsuagoa izango da. Esan bezala, pelikulan protagonista
unibertsitatera bueltatzen da bisitan. Behin ikasle izandakoak miresmen
handiarekin gogoratzen ditu bertan igarotako egunak eta nolabait bere izaeran
eragina izan zuten literatura klaseak. Erraz identifika gaitezke bere begirada
nostalgikoarekin.
4/12/13
'The hunger games: Catching fire' (2013)
Katniss, sinboloa eta itxaropena
Erlazionatutako edukia: The Hunger Games (2012)
Bigarren atalak beti txarrak direla diote… Ala ez? Kasu
gehienetan pelikulen bigarren, hirugarren, laugarren… atalak lehen pelikulak
lortutako arrakasta ahalik eta gehien luzatzeko aitzakiarekin egindako
pelikulak direla dirudite, formula etengabe errepikatuz. Gero, badira
berrikuntza ekartzen duten hainbat kasu, bigarren atala istorioa hobeto
garatzeko edota istorio konplexuago bat erakusteko aprobetxatzen duten horiek,
hau da, aldez aurretik ikusitakoa ongi osatzen duten horiek. Azkenik, saga literarioen moldaketa
zinematografikoak ditugu. Azken kasu honetan liburu bakoitzeko pelikula
bana egitea beharrezkoa dela dirudi (nahiz eta askotan liburuak nahi bezala “banatzeko”
askatasu guztia hartu, adibidez, liburu bakar batetik bi pelikula eginez nahiz
eta guztiz beharrezkoa izan ez: Harry Potter, The Hobbit… eta noski, ‘The
Hunger Games’ sagarekin gauza bera egingo dute).
‘The hunger games: Catching fire’ jarraipen ona iruditu zait, jauzi
kualitatibo nabarmena egin baitu. Francis Lawrencek Gary Ross ordezkatu du
zuzendaritzan, aurrekontu altuago bat izan dute eta ikusizko efektuak askoz
hobeagoak dira lehenengo atalarekin konparatuz gero. Bigarren atal honetan istorioa jokoetatik haratago doa. Lehenengo atalak aurpezpen funtzioa betetzen zuen, protagonistak
ezagutu genituen eta nahiko argi utzi ziguten zeintzuk ziren onak eta zeintzuk
txarrak. Eta nola ez, lehen aldiz “jokoak” ikusi genituen.
Etiketak
Catching fire,
Francis Lawrence,
James Newton Howard,
Jena Malone,
Jennifer Lawrence,
Josh Hutcherson,
Liam Hemsworth,
Philip Seymour Hoffman,
Sam Claflin,
The Hunger Games
27/11/13
'Brief encounter' (1945)
Keinu sinple bat
Erlazionatutako edukia: 'Lawrence of Arabia' (1962)
Bizitza arrunt bat bizi
dezakezu, egunero errutina berbera jarraituz: lanera joan, inguruan dituzun
horiek zaindu… Gorabeherarik gabeko bizitza bat, non zoriontsu ez izateko aitzakia
posiblerik ez dagoen. Baina, zer egingo zenuke, ezkonduta egon arren, beste pertsona
batez erakarrita sentitzen bazara?
‘Brief encounter’ zine britaniarraren
ale ederra da. David Leanek
zuzendutako pelikula da. Pelikularen protagonistak Laura Jesson (Celia Johnson) eta Alec Halvey (Trevor Howard) dira. Laura ezkonduta egon arren, Alec
Halveyz doktoreaz maiteminduko da (medikua ezkonduta dago ere). Biek bizitza
egonkor bat dute, baina kasualitatez tren geltokiko tabernan topo egingo dute. Bien
artean adiskidetasun polit bat sortuko da, baina pixkanaka adiskidetasun hori
maitasun istorio debekatu batean bilakatuko da.
21/11/13
'Persona' (1966)
Kontzientzia eta identitatea
Ingmar Bergman zuzendari pertsonala dela
esan genezake. Bere pelikuletan zeharka bada ere bere bizitza erakusten digu, berarentzat
esanguratsuak izan ziren gertaera biografikoak, modu horretan bere izaera
erakutsiz (“autobiografikoa naiz, noski” baieztatu zuen noizbait zuzendari
suediarrak).
‘Persona’ pelikula zuzendariak
ospitale batetan izandako esperientziarekin lotuta dago. Bergmanek ia sei ordu
eman zituen konorterik gabe anestesiaren efektua zela eta. Denbora horretan,
Bergman ez zen erreala zena eta ez zena desberdintzeko gai. Existentzia eta
existentzia ezaren arteko sentsazio hori, kontzientzia eta kontzientzia ezaren
artekoa zoragarria izan zen zuzendariarentzat. Zuzendariak, sentimendu horretan
inspiratuta pelikula bikain eta konplexu hau egin zuen.
18/11/13
'Blue Jasmine' (2013)
Jasminen krisia
Erlazionatutako edukia: 'Midnight in Paris'
* Kritikak spoilerrak izan ditzake
Ia urtero bezala, Woody Allen zuzendari eta gidoigileak pelikula berri bat eskaintzen digu. Egile
honen produkzio lana benetan harritzekoa da. Hori bai, beti ez du arrakasta edo
kalitate bera lortzen bere istorioetan. Zuzendariak egindako azken lanei
dagokionez, ‘Midnight in Paris’ filma
ikaragarri gustatu zitzaidan, bere argazki lanaz eta istorio magikoaz. Orain, ‘Blue Jasmine’ pelikulan, zuzendariak
maitasun kontuak eta nostalgiak alde batera uzten ditu eta antsietatea, errua, korrupzioa eta gezurra bezalako gaiak lantzen
ditu, komedia eta drama nahastuz.
Jasmine (Cate Blanchett) gizarte-maila altuko newyorktar bat da. Ikasketak utzi
zituen Halekin (Alec Baldwin)
ezkontzeko, enpresari arrakastatsu bat. Senarrak nahi beste kapritxo ematen
zizkion emazteari, pozik egon zedin. Jasmine, hala ere, itsututa bizi da (ala
errealitatea ez du ikusi nahi?), eta ez die senarrak egiten dituen akordio eta
negozio zalantzagarriei kasurik egiten. Bere bizitza ospean, aberastasunean,
harrotasunean eta materialismoan oinarritzen da. Egun batetik bestera, Jasminen
bizitzak 180 graduko bira emango du eta dituen ondasun guztiak galduko ditu.
Zerotik hasi beharko da, baina akatsetatik ikasiko ote du? Ala oraindik ez du
hondoa jo?
14/11/13
'Take Shelter' (2011)
Beldurra
Erlazionatutako edukia: 'Mud'
‘Mud’
pelikula zineman ikusi nuenean istorioarekin, formarekin
eta Jeff Nicholsen zuzendaritza
lanarekin harrituta geratu nintzen. Nire interesa piztu zuen zuzendariak, eta
bere (gaur arte) filmografia eskasa ikustea erabaki nuen. ‘Take Shelter’ zuzendari estatubatuarrak egindako bigarren pelikula
da. Kritikaren laudorioak jaso zituen pelikulak.
Michael
Shannon, zuzendariaren aktore fetitxea, Curtis LaForche da: estatubatuar langile arrunt bat. Curtis Ohioko herrixka batean bizi da
emaztea (Jessica Chastain) eta alabarekin batera. Curtisek amets gaiztoak izan ditu ia gauero, amets horietan ekaitz
beldurgarri baten mehatxua sentitzen du. Hasieran amets bat baino ez dena,
amaieran ezinegon sentsazio konstante bat izango da, ezin izango du lorik egin.
Curtisentzat ametsak errealak izango balira bezala bizi ditu, mina sentitzen
du. Pixkanaka ametsa eta errealitatea nahasten hasiko da. Protagonistak naturan
jokabide arraroak ikusiko ditu, beldurra
sentituko du. Bere familia babestea lehentasuna duen helburua izango da.
11/11/13
'Kiss me, stupid' (1964)
Rol aldaketa
Erlazionatutako edukia: Billy Wilder - monografikoa
Billy Wilderren filmografiarekin jarraituz, zuzendariaren
beste komedietako bat aztertuko dugu: ‘Kiss
me, stupid’, baliteke komedia oso ezaguna ez izatea, baina ikustaldi bat
merezi du. Erritmo bikaina duen pelikula da, entretenigarria da. Gag komikoak
bata bestearen atzetik azaltzen dira, atsedenik eman gabe. Pelikularen
protagonistak muturrekoak dira, karikaturatik
gertu daudela esan dezakegu arazorik gabe. ‘Kiss me, stupid’ Billy Wilder eta I.A.L Diamond gidoilariaren
arteko kolaborazio bat da, eta hori komedia egiteko eran antzeman dezakegu:
landutako gidoia eta erritmoa izango
dira elementu garrantzitsuenak.
Orville (Ray
Walston) piano irakasle bat da, arrakastarik
gabeko gizona. Emaztea, Zelda (Felicia Farr), Climax herriko emakumeen
artean ederrena da. Orville eguna ematen du piano klaseak eta bere adiskide Barneyrekin (Cliff Osmond) batera
abestiak konposatzen. Barney herriko gasolindegiaren arduraduna da. Amets
berbera dute biek: eurek konposatutako
abesti bat saltzea, eta horri esker arrakasta itzela lortzea. Hamarnaka
gutun bidali dizkiete abeslari ospetsuei, baina ez dute inoiz erantzunik jaso.
Egun batean, kasualitatez, Dean Martin bera
gasolindegian geldituko da autoaren depositua betetzera.
6/11/13
'Incendies' (2010)
Bat gehi bat... bi?
Erlazionatutako edukia: 'Priosioners' (2013), Azpitituluak euskaraz
‘Incendies’ kolpatzen
zaituen pelikula horietako bat da, bertan ikusitako irudiak eta kontatzen
diguten istorio tragikoa ahaztea zaila da. Denis Villeneuve dugu ‘Incendies’
pelikularen zuzendaria. Drama eta intriga nahasten ditu pelikula bikain
honetan. Protagonisten bizitzak guztiz aldatuko dituen bidai bat egiten dugu ‘Incendies’en,
memorian txertatuta geratuko zaigun bidai bat. Pelikula gogorra, pertsonaia
interesgarriekin, eta zuzendaritza lana eta gidoi ona dituena.
Jeanne eta Simon bikiak dira, notario baten eskutik bi gutun jasoko dituzte.
Amak azken arnasa gutun horietako testua diktatzen gastatu zuen. Gazteen
sorpresarako, hilda zegoela pentsatzen zuten aita eta bere existentziaren berri
ez zuten anaia dira gutunen hartzaileak. Beraz, azken desira gisa, gutun horien
hartzaileak aurkitzea eskatuko die Jeanne eta Simoni.
Etiketak
2010,
Denis Villeneuve,
Drama,
Familia,
Incendies,
Intriga,
Road Movie,
Thriller
Suscribirse a:
Entradas (Atom)